Laneko heriotzen kopuruan ere makurra izan da 2020. urtea

Sindikatuen datuen arabera, 68 lagun hil dira Euskal Herrian lanean ari zirela, iaz baino gehiago

Elkarretaratzea Donostiako Ondarretako ertzainetxearen aurrean, herenegun, Urumean hildako ertzainaren heriotza salatzen. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Irune Lasa.
2021eko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Lanera atera eta inoiz etxera itzuliko ez diren horiek osatzen dutena izango da, ziurrenez, zerrendalazgarrienetako bat urtea amaitzearekin ixten direnen artean. Eta 2020. urteak, horretan ere, gupida gutxi erakutsi du.

Sindikatuen arabera, Euskal Herrian 68 langile hil dira beharrean ari zirela, eta beste langile batek, Joaquin Beltranek, desagertuta jarraitzen du Zaldibarko zabortegiko hondakinetan. Horiei gehitu behar zaizkie, LAB sindikatuaren zerrendaren arabera, Euskal Herritik kanpo lanean ari zirela hildako beste hiru euskal behargin.

Krisiko urte gogorrenetako beherakadaren ostean, laneko heriotzen kopuruak berriz ere goranzko bidea hartu zuen, eta 2018an 68 langile hil ziren. Gero, 2019an berriz jaitsi egin ziren, 44 behargin hil zirenean lanean.

Baina 2019koa parentesi bat besterik ez zen izan, eta 2020an berriro kondenazioa bete da: jarduera maila jakin batetik gora, euskal ekonomia ez da gai modu iraunkorrean heriotza horiek saihesteko.

Eta lantokietan istripu traumatikoak murrizten badira, iktusek, bihotzekoek eta halakoek hartzen dute lekukoa. Sindikatuek argi daukate, prekaritatea da heriotza eta istripu guztien errudun nagusia.

Edonola ere, iazko urte makurrarekin, zaila da zentzuzko alderaketak egitea, besteak beste, jarduera eta sektore ekonomiko desberdinetan gorabeherak handiak izan direlako, milaka langile egon direlako enplegu erregulazioan, telelanean... Heriotzen iazko zerrendan bada, hala ere, datu esanguratsurik.

Adibidez, garraio sektorean hildako langileen kopurua deigarria da, beharbada sektorearen egoera prekarioaren erakusle, eta funtsezko langile askok pairatutako lan erritmoen adierazgarri. Izan ere, lan osasuna bermatzea ez da soilik istripuak eragoztea, langileen osasuna ez delako ongizate fisikora mugatzen. Herritarren buruko ongizatea muturreraino eraman duen pandemiak eta haren kontrako neurriek marka utzi dute langile askoren osasunean.

Hamalau kamioilari hil dira iaz lanean ari zirela, haietatik bi Euskal Herritik gertu (Aragoin eta Errioxan). Heriotza horietatik zortzi izan dira ez-traumatikoak, bihotzekoek eta iktusek eragindakoak tartean.

Koronabirusari berari dagokionez, berriz, ziurrenez inoiz ez da jakingo zenbat diren guztira behargin kutsatu diren —eta horren erruz hil— lanean ari zirela. Sindikatuen zerrendetan martxoan eta apirilean zenbatutako lau heriotza agertzen dira COVID-19ari lotuak: Galdakao Ospitaleko 52 urteko erizaina izan zen lehena, eta Zorrotzaurreko IMQ klinikako 36 urteko erizaina bigarrena. Lesakako Arcelorreko langile baten heriotza ere badago LABen zerrendan, eta Gasteizko Caser zaharren egoitzako langile bat izan zen laugarrena.

Bina hildako hiru istripu

Istripu hilgarrietan, nola ez, heriotza bat baino gehiago eragiten dituztenak gogoratzen dira gordinen. 2020an horrelako hiru istripu izan dira bina heriotza ekarri dituztenak. Martxoan bi langile hil ziren lotan zeudela, Azkoitian (Gipuzkoa), haien txurro dendak su hartu zuenean.

Urrian beste bi beharginek galdu zuten bizia Lapuebla de Labarcako familia upategi batean (Araba), hartzidurarako depositu batera erorita.

Hala ere, 2020ko lan istripuetan lazgarrienetakoa otsailaren 6an gertatu zen, Verter Recyclingen Zaldibarko zabortegiak (Bizkaia) milaka tona hondakin jausi zirenean, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak azpian harrapatuz. Beltranek desagertua jarraitzen du, 2020ko laneko heriotzen zerrendan ofizialki sartu gabe.

Zerrenda hori, oraingoz, joan den asteazkenean Donostian Urumea ibaira erori eta autotik atera ezinik hildako ertzainarekin itxi da. Kondenazioak zerrenda berria zabaldu arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.