Nafarroan ia 9.000 etxeko langile daude, eta lautik batek ez du kontraturik

Berdintasunaren Institutuak egindako azterketa baten arabera, hamar langiletik bederatzi emakumeak dira, eta baldintza prekarioak dituzte

Eva Isturiz eta Irene Lapuerta NUPeko ikerlaria, atzo. IDOIA ZABALETA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2021eko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Oraintxe bertan, Nafarroan ia 9.000 pertsona aritzen dira etxeko lanetan, eta hamarretik bederatzi emakumeak dira. Halaber, sektore horretan aritzen diren lau langiletik batek ez du legezko kontraturik, eta soilik %13k kobratzen dute hilean 1.050 eurotik gora. Nafarroako Berdintasunaren Institutuak azterketa bat kaleratu berri du etxeko langileen baldintzen inguruan, eta agerian utzi du «sektore feminizatu, prekario eta ikusezina» dela oraindik ere. Paradoxikoki, Eva Isturiz institutuko zuzendariaren arabera, etxeko langileak «giltzarri» dira egungo gizarte egituran, eta hala aitortu zuen Madrilgo gobernuak, iazko martxoaren 27ko dekretuan funtsezko jardueren artean sartu zituenean langileok.

Begoña Elizalde, Victoria Bogino eta Irene Lapuerta NUPeko ikerlariek eta Magdalena Diaz Carlos III unibertsitateko irakasleak egin dute ikerketa. Atzoko aurkezpenean, Lapuertak azaldu zuen «garai egokia» dela langile horien egoera aztertzeko, hamar urte bete baitira Espainian haien lan baldintzak arautzen dituzten bi lege onartu zirenetik. Ikerketak, INE estatistika erakundearen eta Gizarte Segurantzaren datuez gain, 190 langileri egindako inkesta izan du oinarri.

Iazko iraileko datuen arabera,6.811 langile zeuden izena emanda Etxeko Langileen Erregimen Berezian. Ondorioz, oraindik ere langileen laurdenak beltzean kobratzen dute. «Azken urteetan ezarritako lege aldaketek, kopuru hori murriztea lortu duten arren, ez dute praktika hori desagerrarazi», nabarmendu dute ikerketan.

Gainera, sektorean aritzen diren hamar langiletik lau etorkinak dira. Sektoreak jatorriaren arabera bereizi ditu langileak, aldeak ikusi baititu lan baldintzetan. Etorkinen artean, gehienak latinoamerikarrak dira: gazteagoak dira, prestakuntza handiagoa dute, eta haien artean ohikoagoa da legezko kontratua izatea. Bertakotzat jotako langileen artean, berriz, maiztasun handiagoarekin gertatzen da egoera irregularrean egotea —galdetutakoen %36 ez daude afiliatuta, eta etorkinen artean %26 dira—, eta, kasu horietan, familiako gizonezkoaren soldata nagusiaren «osagarri gisa» ikusten da ordainsaria.

Pobrezia arriskuan

Oro har, Nafarroako etxeko langileen %64k soilik dituzte oporraldiak, eta %57k kobratzen dituzte aparteko orduak. Inkesta egindakoen %42k onartu dute dagokiena baino ordu gehiagoz egiten dutela lan. «Zenbaki hauek agerian uzten dute etxeko enpleguak, bere berezitasunen ondorioz, ez duela langileen pobrezia arriskua eragozten», diote ikerlariek. Hala, galdetutako langileen %63k aitortu dute oso kezkatuta daudela ohiko gastuei ezin dielako aurre egin. Azterketak dio zenbaitetan langile askok zaintzan jarduten dutela etxeko lanekin batera eta egoera hori gehiagotan gertatzen dela langile etorkinen artean (zehazki, %57).

Errenta zergan sektoreko langileen kontratazioa sustatu asmoz, Nafarroako Gobernuak %25etik %100era igo zituen iaz Gizarte Segurantzako kotizazioen gaineko kenkariak. Isturizen arabera, amaitzear den errenta kanpainan islatuko dira neurriaren ondorioak. Dena den, 2019ko datuek agerian utzi dute kenkari hori 2.812 pertsonek eskatu zutela, eta ogasunak 1,63 milioi euro biltzeari utzi ziola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.