EB gehiago haziko da, eta aurten itzuliko da pandemia aurreko mailara

Bruselak hobetu egin ditu hazkunde aurreikuspenak: BPGa aurten %4,8 haztea espero du, kopururik handiena 1976. urteaz geroztik

Paolo Gentiloni EBko Ekonomia komisarioa, atzo. STEPHANIE LECOCQ / EFE.
Irune Lasa - Iker Aranburu
2021eko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Baikortasunaren haizea jotzen ari da Bruselan. Maiatzean egindako iragarpenak zaharkituta geratu zaizkio Europako Batzordeari, txertaketak aurrera egin ahala, ekonomia uste baino suspertze handiagoa izaten ari delako. Batzordeak kalkulatu du eurogunean zein Europako Batasun osoan barne produktu gordina %4,8 haziko dela aurten, eta %4,5 2022. urtean. 2021erako hazkunde iragarpen hori udaberrian egindakoa baino 0,6 puntu handiagoa da Europako Batasunaren kasuan, eta 0,5 puntu handiagoa euroguneari dagokionez. Halako hazkunderik ez da gertatu 1976az geroztik, baina orduan bederatzi kide zituen batasunak, eta ez zuen iazko jipoirik jaso.

Susperraldi bizkorraren ondorioz, Bruselak uste du euroguneko ekonomiak aurretik uste baino hiruhileko bat lehenago berreskuratuko duela pandemia aurreko BPG erreala; hots, aurtengo azken hiruhilekoan. Edonola ere, herrialde batetik bestera bada aldea, eta haietako askok 2022ra arte itxaron beharko dute krisi aurreko neurrira heltzeko.

Europako ekonomiak uste baino portaera hobea izan zuen urteko lehen hiruhilekoan, eta bigarrenean, osasun egoera hobetu ahala, espero baino bizkorrago arindu dira murrizketak, batez ere zerbitzuen sektorearen mesedetan. Orain, txertatzeak martxa onean doazela, herritarren eta enpresen sentimenduei buruzko inkestei begira, Europako Batzordeak kontsumo pribatuaren eta inbertsioen gorakada sendoa espero du. Uste du horrek konpentsatuko dituela, neurri batean, lehengaien behin-behineko eskasiak eta manufakturako kostuen igoerak eragindako kaltea.

Hala ere, ziurtasun gabeziak eta arriskuak hor daude, eta bi mehatxu dira handienak Batzordearentzat: batetik, COVID-19aren aldaera berriak daude, eta txertaketa bizkortzea oso garrantzitsua izango da horri aurre egiteko. Bestetik, inflazioa ere kezka iturri da. Aurreikusi baino handiagoa izan daitekeela uste du Batzordeak, eskaintza murrizketek hor jarraitzen badute eta prezioen presioa kontsumitzaileengana iristen bada.

Turismoaren pisua

Herrialdeka, turismoaren eragina antzematen da datuetan. Sektore horrekiko menpekotasun handiena duten estatu kideak izan ziren 2020an kolpe handiena jaso zutenak, Espainia ( -%10,6), Italia (-%8,9), Grezia (-%8,2), Kroazia(-%8) eta Frantzia (-7,9) buru zituztela. Eta nazioarteko turismoa erdizka baizik itzuli ez den arren, haiek izango dute, oro har, erreboterik handiena: %6,2 Espainiak, %6 Frantziak, %5,4 Kroaziak eta %5 Italiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.