Saudi Arabiaren koalizioak gutxienez 12 pertsona hil ditu Yemenen, eraso batean

Huthien buruzagi militar bat hil dute. Ordu batzuk lehenago matxinoek Abu Dhabin egindako erasoari erantzun dio nazioarteko koalizioak

Igor Susaeta.
2022ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Saudi Arabiak eta Arabiar Emirerri Batuek gidatutako nazioarteko koalizio militarrak bi aire eraso egin zituen herenegun, azken orduan, Sana Yemengo hiriburuan, eta gutxienez hamabi pertsona hil zituen, eta dozena bat inguru zauritu. Matxino huthien kontrolpeko Saba berri agentziaren arabera, hildakoen artean daude Abdullah Qassim al-Junaid matxino huthien jenerala eta haren zenbait senide; tartean, haurrak. Huthien buruzagi batek Twitterren adierazi zuenez, hildakoak hogei bat dira. 2019az geroztik koalizioak Sanan egindako erasorik odoltsuena izan da, eta matxinoek ordu batzuk lehenago Arabiar Emirerri Batuetan egindakoari erantzun dio.

Nazioarteko berri agentziek jaso zutenez, aire erasoek hiriburuko auzo bateko beste bost eraikin ere hondatu dituzte. SPA Saudi Arabiako albiste agentziak atzo goizaldean jakinarazi zuen koalizioak «huthien gotorlekuen eta kanpalekuen aurkako erasoak» egin zituela, baina ez zuen zehaztu horien helburuen artean matxinoen buruzagia zegoenik.

Hain zuzen, herenegun, ordu batzuk lehenago, Iranen laguntza duten matxinoek bi aire eraso egin zituzten Arabiar Emirerri Batuetako hiriburu Abu Dhabin, eta gutxienez hiru hildako eta sei zauritu eragin. Koalizioaren esanetan, Arabiar Emirerri Batuetako ADNOC petrolio enpresarentzat lan egiten zuten hiru behargin atzerritar ziren hildakoak. Eraso horren ondoren, Yahya Saree huthien bozeramaile militarrak esan zuen droneak eta misilak erabiliz egindako erasoa «arrakastatsua» izan zela. Bide batez, zibilei eta atzerriko enpresei dei egin zien Arabiar Emirerri Batuen «azpiegitura ezinbestekoetatik» urruntzeko, «segurtasunagatik».

Eraso horiek gertatu eta gero, Arabiar Emirerri Batuen Atzerri Ministerioak jakinarazi zuen, ohar baten bidez, nazioarteko zuzenbidetik kanpo egindako «eraso terroristei» erantzuteko «eskubidea» zuela. Eta ordu batzuk geroago iritsi zen erantzuna.

NBE Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Bulegoak eskatu die bi aldeei zibilen segurtasuna bermatzeko. 2015ean hasi zen gerra, eta NBEren arabera 230.000 lagun baino gehiago hil dira.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.