Albistea entzun

Afganistanen funtsak bere egin nahi izatea egotzi diete talibanek AEBei

Protestak izan dira Kabulen, Bidenek erabaki baitu herrialdearen aktiboen erdiak 2001eko irailaren 11ko atentatuen biktimentzat baliatzea
Herritar batzuk laguntza humanitarioarekin, lehengo astean, Kandaharren.
Herritar batzuk laguntza humanitarioarekin, lehengo astean, Kandaharren. EFE Tamaina handiagoan ikusi

Igor Susaeta -

2022ko otsailak 16

Talibanak boterera iritsi zirenean, joan den abuztuaren 15ean, Mendebaldeko potentziek erabaki zuten Afganistanek nazioartean dituen funtsak blokeatzea. Joe Biden AEBetako presidenteak, baina, dekretu bat sinatu zuen joan den ostiralean, aginduz Afganistango Banku Zentralak AEBetako finantza erakundeetan dituen aktiboak desblokeatzeko. 6.200 milioi euro inguru dira, eta, horren arabera, 3.100 milioi euro inguru, funtsen erdiak, erabiliko dituzte 2001eko irailaren 11ko atentatuen biktimen auzibideak ordaintzera, eta beste erdiak erabiliko dituzte Afganistanera laguntza humanitarioa bidaltzeko. Washingtonen erabakiak talibanak haserretu ditu, eta Bideni leporatu diote funtsak bere egitea, horiek «bahitzea». Talibanek ohar batean azaldu dutenez, AEBek ez baldin badituzte «ekintza probokatzaileak» alboratzen, Emirerri Islamikoak —talibanek izen horrekin autoizendatzen dute haien gobernua— AEBekin duten politika «birpentsatu» beharko dute. Bideni eskatu diote hartu duen erabakia alda dezala.

Afganistango agintariek herenegun eman zuten beren jarreraren berri, eta atzo Washingtonen erabakiaren kontrako protestak egin zituzten Kabul hiriburuan. Efe berri agentziaren arabera, ehunka pertsona atera ziren kalera, eta Bideni leporatu zioten afganiarren dirua «lapurtu» nahi izatea. Parte hartzaile baten esanetan, Irailaren 11ko tragedia ez zen afganiarren «errua» izan. «Orduan, zergatik ordaindu behar du prezio bat Afganistanek? Erabakiak ez du logikarik». Osama Bin Laden buru zuen Al-Qaeda taldea izan zen New Yorkeko Dorre Bikien aurkako erasoaren egilea —ia 3.000 hildako eragin zituen—. Aste batzuk geroago Afganistan okupatu zuten AEBek, argudiatuta Bin Laden han ezkutatuta zegoela, eta 1996tik boterean zeuden talibanek «talde terroristak» babesten zituztela; tartean, Al-Qaeda.

Muturreko islamisten bozeramaile Bilal Karimik herenegun adierazi zuenez, nazioarteak Afganistanen funtsak izoztu zituen abuztuan, «nahiz eta hori egitea nazioarteko zuzenbidearen irizpideen kontrakoa den». Talibanentzat, Bidenen erabakiak afganiar guztien eskubideak urratzen ditu.

Hain zuzen, atzo bete ziren sei hilabete talibanek herrialdearen boterea hartu zutenetik, behin nazioarteko tropak, hogei urteren ondoren, erretiratzen hasi zirenean. Nazioarteak funtsak izoztu zituen orduan, eta horrek herrialdearen krisi ekonomiko eta soziala areagotu zuen. NBE Nazio Batuen Erakundeak eta hainbat erakunde humanitariok hilabeteak daramatzate esaten funtsak ahalik eta lasterrena desblokeatu behar direla katastrofe humanitario bat saiheste aldera.

Bilera, Dohan

Muturreko islamistek boterea hartu aurretik, Afganistango Banku Zentralak guztira 7.900 milioi euro gorde zituen atzerrian; horietatik 6.000 milioi pasa AEBetan, eta gainontzekoa Alemanian, Suitzan eta Arabiar Emirerri Batuetan, esate baterako. Azkeneko hogei urteotan nazioarteak emandako laguntza ekonomikoaren ondorio dira aktibo horiek. Talibanek diru horren kontrola eduki nahi dute.

Bestalde, talibanen ordezkaritza bat Europako Batzordeko funtzionario talde batekin bildu zen, atzo, Dohan (Qatar), eta, batzordearen arabera, besteak beste hezkuntza eskubideaz, berariazko atxiloketez eta prentsa askatasunaz mintzatu ziren.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Gaiak

Albiste gehiago

Okin bat. ©EFE

'Baguette'-a ondare immaterialeko kultur ondasun izendatu du Unescok

Julen Otaegi Leonet

Okinen lana eta 'baguette'-aren kultura soziala aitortu nahi izan ditu erakundeak.

Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroa, gaurko agerraldian, Espainiako Kongresuan ©J.C. Hidalgo / EFE

Grande-Marlaskak berriz esan du Espainian ez zela inor hil Melillako hesia igarotzeko ahaleginean

Ander Perez Zala

Espainiako Barne ministroak Guardia Zibila defendatu du, argudiatuta segurtasun indarren erantzuna «proportzionala» izan zela. Ikerketa batzuen arabera, gutxienez lagun bat hil zen Espainian sartzean.

 ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Gerra apartekoa da antolaketa sozial bat ezartzeko»

Igor Susaeta

Gerra erregimenaren eskema gobernatzeko eredu gisa aplikatzeak eragiten dituen egoerez eta ondorioez ohartarazi du Sanchez Cedillok 'Esta gerra no termina en Ucrania' liburuan.
NATOk berretsi du «behar beste denboraz» lagunduko diola Ukrainari

NATOk berretsi du «behar beste denboraz» lagunduko diola Ukrainari

Mikel O. Iribar - Igor Susaeta

Aliantzaren helburuetako bat da Putinek «irabazten ez duela bermatzea». G7ko herrialdeek adostu dute Ukrainako gerra krimenen ikerketak koordinatzeko sare bat egitea

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...