ELAk salatu du Lanbiden eta LHKn dituen postuak kendu nahi dizkiotela

Sindikatu abertzaleak ez du parte hartzen bi erakundeetan, ordezkaritza eduki arren. Jaurlaritzak beste sindikatuen artean bana ditzake aulkiak

ELAko ordezkariak, Idoia Mendia Lan sailburuarekin, 2020an. D. AGUILAR / EFE.
jokin sagarzazu
2022ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
«Legebiltzarrean indarrik handienaren ordezkaritza talde minoritarioen artean banatzen hasiko balira, ez lukete onartuko, eta estatu kolpetzat joko lukete». ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak argi du «eraso antidemokratiko bat» dela bere sindikatuak LHK Lan Harremanen Kontseiluan eta Lanbideren administrazio kontseiluan dituen ordezkariak beste sindikatuen artean banatzeko Eusko Jaurlaritzak agertu duen asmoa.

Hamar urte dira ELAk ez duela erabakiguneetan parte hartzen, erakunde horietan ordezkaritza izan arren. Eta berdin jarraituko du. LABek, aldiz, ez du Lanbideren administrazio kontseiluan parte hartzen, baina hil honetan egingo duen Biltzar Nazionalean erakunde horretara eta esparru soziolaboraleko beste batzuetara itzultzea proposatuko die bere militanteei. Lakuntzak, berriz, azaldu du ELAk ez duela halakorik egingo eta duela hamarkada bete hartutako erabakiari eutsiko diola, haren ustez testuingurua ez delako aldatu. «Erakunde horien eginkizun bakarra gobernuaren erabakiei estaldura ematea zen, langile klasearen defentsarako benetako parte hartzerako espaziorik gabekoak, eta hala dira oraindik ere».

Komunikabideetara bidalitako ohar batean berretsi du bere jarrera. Lakuntzak adierazi duenez, langileek hauteskunde sindikalen bidez emandako ordezkaritza neurtua dute sindikatuek, eta bakoitzak erabaki dezake zer egiten duen parte hartze instituzionaleko espazioetan. «Urkulluri eta Mendiari gehiago edo gutxiago gustatuko zaie ELAk egiten duena. Baina erakunde horietan ordezkaritza sindikala modu tranpatian banatzen saiatzen badira, ELAko ordezkaritza CCOOri eta UGTri emanez, jokaera antidemokratikoa dutela ondorioztatu beharko da»

ELAko idazkari nagusiak gogoratu duenez, 2010ean Patxi Lopezen gobernuak (PSE) Kontseilu Ekonomiko eta Sozialaren eta LHKren araudia aldatu zuen, ELAk eta LABek bietan dituzten ordezkariak CCOO eta UGTren artean banatzeko aukera emanez. Orain, Iñigo Urkulluren gobernuak,Lanbiden araudiaren erreformaren bidez hori bera egin nahi duela salatu du Lakuntzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.