Erreferenduma irabazita, Saiedek esan du «fase berri batean» sartu dela Tunisia

Konstituzio berriak botere gehiago ematen dio presidenteari. %27,5ekoa izan da parte hartzea. Oposizioak salatu du emaitza ez dela «legitimoa»

Igor Susaeta.
2022ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Konstituzioa aldatzeko erreferendum bat egin zuten herenegun Tunisian, eta, behin-behineko emaitza ofizialen arabera, %92,3k erreformatzearen alde bozkatu zuten. Parte hartzea txikia izan zen, %27,5, baina galdeketaren hauspotzaileak, Kais Saied presidenteak, ez zuen emaitza onartua izateko baldintza gisa ezarri gutxieneko parte hartze bat egotea. Proposatutako testuak eskumen gehiago ematen dizkio estatuburuari, eta Saiedek berak nabarmendu zuen, atzo, Tunisia «fase berri batean» sartu dela. Oposizioak salatu zuen, bestalde, emaitza ez dela «legitimoa», parte hartzea txikia izan delako, eta prozesua «iruzurrezkoa» izan dela.

2011ko Udaberri Arabiarraz geroztik herrialdean egindako hauteskunde prozesu guztietako parte hartzerik txikiena eduki du konstituzioa erreformatzeko erreferendumak. 8,9 milioi pertsonak zuten bozkatzeko aukera, eta 2,5 milioik ere ez dute bozkatu. Albiste agentzien arabera, hauteslekuetan ez zen jende ilararik egon. Saiedek adierazi zuen, ordea, «jendetza» izan zela bozkalekuetan, eta parte hartzea handiagoa izango zela erreferenduma bi egunetan egin izan balitz.

Oposizioko alderdi nagusiek boikoterako deia egin zuten, iruditzen zaielako kontra bozkatzeak ere zilegitasuna emango liokeela galdeketari. Gainera, oposizioko talde gehienek salatu dute Saiedek proposatutako testuak «neurrigabeko boterea» ematen diola estatuburuari. Testu berriak jasotzen du, esate baterako, presidentea izango litzatekeela armadako burua, gobernua aukeratu ahal izango lukeela parlamentuaren onespena gorabehera, eta, gainera, ia ezinezkoa izango litzateke hura kargugabetzea.

«Bide iraultzailea» amaitzea

Azken urtean, estatuko botere guztien jabe izan da Saied. Iazko uztailaren 25ean, «bake soziala» berreskuratu nahi izatea argudiatuta, parlamentua desegin zuen, eta salbuespen egoera ezarri.

Gaur egun, 2014ko konstituzioa dago indarrean. Zine el-Abidine ben Ali presidentea kargugabetzea ahalbidetu zuen 2011ko iraultzaren ostean adostu zuten testu berri bat egitea. Saiedek ohartarazi izan du bere asmoa dela Ben Aliren kargugabetzearekin hasitako «bide iraultzailea» amaitzea. Gaur esan du, izenik eman gabe, «aberriaren aurka» delituak egin dituztenek kontu eman beharko dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.