Pentsioen eguneratzea «KPIan oinarrituta» egitea adostu dute

Toledoko Itunean adostutako testuak ez du argi uzten inflazioa izango ote den faktore bakarra

Iker Aranburu.
2018ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Kalean borrokatutako garaipen bat lortzeko bidean dira Hego Euskal Herriko eta Espainiako pentsiodunak. Haien presioak behartuta, Espainiako Kongresuko talde gehienak bat etorri dira oraingo sistema baztertu behar dela eta aurrerantzean inflazioari lotuta igo behar direla pentsioak. Eguneratzeko faktore bakarra KPIa izango den ala ez, ordea, ez dago guztiz garbi. Adostutako testuak dio «KPIan oinarrituta» igoko direla: horrekin, batzuek ulertu dute inflazioa izango dela faktore bakarra, baina beste batzuek diote beste formula batzuei ere ateak ireki zaizkiela. Azken hitza Espainiako Gobernuarena da, hari baitagokio legegaia egitea, diputatuen gomendioak aintzat hartuz.

Bi urte egon dira diputatuak katramilatuta pentsioen eguneratzearekin, pentsio sistemaren etorkizuna jorratzen duen Toledoko Itunean, Espainiako Kongresuko batzordean. Hainbat atzerapenen ondoren, atzo adostu ahal izan zuten pentsio igoerari buruzko proposamena. «Urtero pentsioak KPI errealean oinarrituta eguneratzea da tresna pentsioen erosteko ahalmenari eusteko», dio itunak, hitzez hitz.

Interpretazio desberdinak

Testu horren alde egin zuten KPIa aldagai bakarra izatea defendatu duten taldeek —Unidos Podemos, EAJ, Compromis...—, baita aldagaietako bat besterik ez izatea proposatu izan dutenek ere —PP, Ciudadanos, PDeCAT...—. Erdibidean, bere burua lerratu ezinik agertu izan da PSOE, sarri elkarren kontrako jarrerak defendatuz. Atzo bertan, Gizarte Segurantzako Estatu idazkariak, Antonio Granados sozialistak, ziurtatu zuen «eragin maltzurra» duela pentsioen eguneraketa aldagai bakar baten esku uzteak. Ikusi beharko da Pedro Sanchezen gobernuak ulertzen duen KPIa dela aldagai bakarra, ala onargarria den formula misto bat —kontuan hartuko dituena soldaten eta produktibitatearen bilakaera, ekonomiaren hazkundea...—.

Azken horretarako aukera ematen duela esaten dutenen artean dago PP. «Akordioak espresuki dio 'KPIan oinarrituta' egingo dela eguneratzea, eta ez 'KPIaren arabera'», azaldu zuen Gerardo Camps diputatu popula- rrak. Hots, KPIa «funtsezko» aldagaia dela, baina ez bakarra.

Antzeko analisia egin zuenPDeCATeko Carles Campuzanok ere. «Politika ona da pentsioen igoera maila berean jartzen duena sistemaren jasangarritasunarekin».

EAJk, ordea, uste du pentsioak «KPIaren arabera» igotzea hitzartu dutela. «EAJk beti defendatu duenari erantzuten dio akordioak, eta bat egiten du pentsiodunen aldarrikapenekin», ziurtatu du Iñigo Barandiaran diputatu jeltzaleak. Gainera, gogorarazi zuen bere taldearen ekimenez aurten %1,6 igo direla.

Batzuen eta besteen artean, ERCk aitortu du ez dakiela zer adostu duten. Testua aztertuko du,«jakiteko ea benetan bermatzen ote duen pentsioen erosteko ahalmena».

Argiago dago egin duela azken urteetan pentsioak eguneratzeko formularenak. «Ez du nahiko babes politiko eta sozialik». 2013an PPk bere gehiengo osoaren bidez onartu zuen formula horrek Gizarte Segurantzaren kontuen egoera hartzen zuen aintzat pentsioen urteroko aldaketa zehazteko. Gutxienez %0,25 igotzea aurreikusten zuen, eta kopuru hori bera igo da lege hori aplikatu den urteetan, Gizarte Segurantzak defizita baitu.

Testuak badu berritasun bat: dioenez, bereizi egin behar dira pentsioen eguneratzea eta pentsioen igoera. KPItik gorako igoerak ez lituzke Gizarte Segurantzak hartu behar bere gain, beste finantzaketa iturriek baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.