Nafarroako Gobernuak «premiaz» gutxitu nahi ditu itxarote zerrendak

Abuztuan ere igo egin da mediku zain dauden herritarren kopurua: 40.000tik gora dira

Nafarroan hazi egin da espezialisten lehen kontsultaren zain daudenen itxarote zerrenda. IÑIGO URIZ/FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
2019ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Luzatzen ari dira Nafarroako ospitaleetako itxarote zerrendak. Azken datuen arabera, 40.402 gaixo zeuden espezialista batekin lehen kontsulta egiteko zain abuztuan, uztailean baino %6 gehiago. Kasu gehienetan, ez-lehentasunezko gisa sailkaturiko pazienteak dira. Izan ere, espezialistek artatzeko zain dauden herritarrak bi multzotan banatzen dira: lehentasunezkoak eta arruntak; eta zerrendakoen %16,5 soilik ziren lehentasunezkoak abuztuan. Ebakuntzen itxarote zerrendari dagokionez, aldiz, 7.607 izen ageri ditu listak. Osasunbideak, Nafarroako osasun sistema publikoak, esan du itxarote zerrenden hazkundeari galga jartzea «lehentasunezko» zeregina dela. Bada, ordea, azkarrago dabilen zerbitzurik. Lehen arretari dagokionez, adibidez, lautik hiru gaixo egun bateko epean artatzen dituzte.

Ertz ugaritako gaia dela ohartarazi du Osasun Departamentuak. Batetik, zenbait espezialitatetan ikasketa horiek egin dituzten mediku gutxi daude, eta, ondorioz,zaila da langile kopurua handitzea. Eta, bestetik, lehen arretako eta ospitaleetako zerbitzuen arteko lotura hobetu beharko litzateke, Osasunbidearen aburuz.Izan ere, kontrako joerak ageri dituzte ospitaleetako eta lehen arretako zerbitzuetako itxarote zerrendek. Horregatik,«diagnostiko sakon» baten beharra azpimarratu dute Osasun Departamentuko arduradunek, ondoren «egiturazko esku hartzea» egin ahal izateko.

Zenbait neurri iragarri ditu Carlos Artundo Purroy Osasun zuzendari berriak: ordezkapenetarako behin-behineko kontratazioak, kontsulten arteko itxaronaldien kudeaketa berri bat, oporren ondorengo errutinara bueltatzea, ezohiko jardueren berreskurapena, eta, beharrezkoa balitz, gaixo batzuk bideratzea «itunpeko osasun zentroetara». Kontseilariak neurri horiek guztiak jaso nahi ditu itxarote zerrendak murrizteko plan integral berri baten barruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.