Donald Trumpen aurkako epaiketa egun gutxian egin nahi dute errepublikanoek

Alderdiek prozesuaren araudiari eta luzerari buruzko desadostasunekin abiatu dute AEBetako presidentearen kontrako 'impeachment'-a

ander perez zala
2020ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidentearen aurkako epaiketa politikoak espero baino askoz ere gutxiago iraun lezake. Errepublikanoen Senatuko buruzagi Mitch McConnellek atzo proposaturiko ebazpenaren arabera, impeachment-ak astebete eta bi aste artean iraungo luke, eta bi aldeek ez lukete lekukorik deitzeko aukerarik izango. Proposamen horrek, espero bezala, demokraten haserrea eragin du, McConnellek Trumpi ahalik eta kalte gutxiena egingo dion prozesu bat nahi baitu.

Senatariek atzo hasi zutenAEBetako presidentearen aurkako epaiketa politikoa —epaile lanetan arituko dira—, eta gaurko ordu txikietan ziren errepublikanoen buruzagiaren ebazpenaren inguruan bozkatzekoak; Trumpen alderdiak gehiengoa du goi ganberan —ehundik 53—, eta, hortaz, demokratek lau errepublikanoren botoa behar zuten McConellen ebazpenari ezezkoa emateko, haien iritziz «justuagoa» den araudi bat finkatze aldera.

Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidentearentzat, atzoko proposamena Trumpen jarduna ezkutatzeko saiakera bat zen: «McConnellen prozesua diseinatuta dago Senatuari eta estatubatuarrei egia ezkutatzeko. Badaki presidentearen jarduna defendaezina dela eta haren kargugabetzea eskatzen duela».

1999an Bill Clintonen impeachment-ean egin bezala, McConnellek hamabi orduko tartea eman nahi die bi aldeei argudioak aurkezteko, bi saiotan; alegia, bi egunean amaituko lituzkete argudiatzeak. Clintonen epaiketan hamabi orduak hainbat egunetan zatitu ziren, eta prozesuak denera bost aste iraun zuen; demokratek nahiago dute egutegi hori erabili, hamabi orduko bi saio luze egin beharrean.

Horien ostean, senatariek hamasei ordu izango dituzte bi aldeei galderak egiteko; Trumpi «botereaz abusatzea» eta «ikerketaren lana oztopatzea» egotzi diote.

Lekukoekin zer egin

Galdeketak amaituta, senatariek lekukoak deitzearen inguruko bozketa egingo dute; errepublikanoak horren aurka agertuko dira, edo saiatuko dira ahalik eta testigantza gutxien izaten.

Egutegiaren afera berebizikoa da AEBetako presidentearentzat, batasunaren egoerari buruzko hitzaldia ematekoa baita otsailaren 4an. Epaiketa atzo hasi zen, baina Trump Suitzan zegoen, Davosko foroan parte hartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.