Jabier Larrañaga. Gipuzkoako Ekonomia, Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko foru diputatua

«Burtsan kotizatzea da erabakiguneak errotzeko era onena»

Likidezia handia da munduan, eta kanpotik Gipuzkoako enpresen bila etor daitezkeelako kezkatuta dago diputatua. Lurraldearen izaera industrialari eusteko beharra azpimarratu du, Corrugadosen gaian ere.

JON URBE / @FOKU.
Irune Lasa.
Donostia
2021eko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Begirada zabaleko irakurketak egiteko eta azalpenak ematekojoera du Jabier Larrañagak (Azpeitia, Gipuzkoa, 1972), adierazpen soiletara mugatu beharrean.

Zer sentitzen duzu, zure behatokitik, pandemiaren enegarren olatuan, berriz ere itxierak-eta datozenean?

Ardura. Olatu horien atzean bi eragin daudelako: lehena eta inportanteena da osasunean, bizitzetan duen eragina. Eta bigarrena, jarduera ekonomikoan duena. Kaltea zuzenean izan duten jardueretan zaildu egiten da egoera, errekuperazioa luzatu egiten zaie. Hori esanda, jarduera ekonomikoari dagokionez, optimista naiz, arduraz baina optimista. Batzuk benetan gaizki pasatzen ari dira, dramak daude hor, eta beste kasu batzuetan jarduera badago; sektore batzuk, adibidez automobilgintzari lotuta daudenak, erantzun ona izan dute, eta oraindik mantentzen dira.

Txertoak dira orain helduleku nagusia. Eta esperantzarako helduleku ere bihurtu dira Europako funtsak. Gipuzkoaren ezaugarri diren enpresa txikietara dirua iritsiko den baduzue kezkarik?

Europak eraldatzaile izan daitezkeen proiektuak nahi ditu funtsekin, eta eraldatzaile izan daitezkeen proiektuak definizioz dira handiak. Baina gure ekonomia sarean enpresak txikiak dira; lehiakorrak, ondo kokatuak nitxo berezietan, berrinbertsio kultura handikoak, prestatuak, baina txikiak. Proiektu handietan tamaina handiko enpresak behar dira, baita administrazio publikoak ere, elkarlaneko proiektuak direlako. Iritsiko dira [funtsak] gure enpresetara? Bai, dudarik gabe, gure enpresak eraldaketa horren parte direlako. Proiektuak lideratuko ditugu? Ez, gure tamainarengatik.

Oraindik ez dakigu Euskadi Nexteko proiektu batzuk non kokatuko diren, eta gigafaktoriei buruz galdetuko dizut. Izango da Gipuzkoan horietako bat?

Denborak esango du. Baldinbere baditugu Gipuzkoan battery pack horiek egiten dituztenak. Ezagutza badaukagu, esperientzia badaukagu, osagai guztiak ditugu hemen egoteko. Hori esanda, niretzako oso inportantea da funtsetarako proiektuak identifikatzen direnean zer parametroren arabera egiten den aukeraketa hori ere. Egiten bada proiektuen zumitzen arabera, hor oso ondo egongo gara posizionatuta. Aukeraketa beste balore batzuen edo beste helburu politikoen arabera egiten bada...

Zer iritzi daukazu arlo publikoak ekonomian izan beharreko zereginaz egiten diren hausnarketei buruz? Mariana Mazuccatoren misioen politikak...

Gogoeta oso interesgarriak dira. Azkenean, egiten ditugun gauza hauetan atzetik espiritu bat dago, eta hor lerrokatuta daude martxan jarri ditugun proiektuak. Gero, batzuetan gertatzen zaiguna da beste lurralde batzuetan baliozkoak diren debate batzuk egokitu egin behar ditugula hemen egoera oso diferenteak ditugulako.

Hausnarketa horietako asko datoz munduan gauzak ez direlako ondo egin arlo batzuetan. Baina distortsioak sortu dituzten enpresen modukorik —tamaina oso handikoak— hemen ez dugu, ezta bokaziorik halako kontzentraziorik edukitzeko ere. Gure sareak ahalbidetzen digu jarduera ekonomikoak eta biztanleak oso gertu egotea, sekulako korporaziorik eta jabego urrunik gabe... Gure lana da modelo hau lehiakor izatea nazioarte mailan, garena galdu gabe.

Diru publikoarekin hori egin behar da? Lehiakortasuna lagundu, eta ez, adibidez, enpresetan parte hartu?

Gauza da enpresek zer behar duten lehiakorrak izateko. Berrikuntza, I+G, nazioartekotzea... Hor lagundu behar diegu. Eta guretzat inportantea da modelo hori elkarrekin lantzea, espiritu horiek indartzea... adibidez, guretzat inportantea da erabakitze zentroak Gipuzkoan egotea, ikusi dugulako galtzen ditugunean, epe ertainean arazoak izaten ditugula.

Eta nola lortzen da errotzea?

Bi tresna dauzkagu jabetza eta erabakitze zentroak hemen errotzeko: batetik, tamaina batera arteko enpresentzat baliagarria langileen partaidetza da, eta bertute eta onura asko ditu. Bestetik, tamaina batetik gora, niretzat, burtsan, merkatuetan kotizatzea da erabakitze zentroak hemen errotzeko, finkatzeko, modurik onena. Gipuzkoan dauzkagu ondo kapitalizatutako enpresak, lehiakorrak, nazioarteko nitxo batzuetan ondo kokatuak, oinarri teknologiko handiarekin, berritzailea... Eta ez daukagu inor kotizatzen egoteko modukoa? Kultura industrialeko beste lurralde batzuetara joaten bagara, ikusten dugu familia enpresa asko daudela kotizatuak, tamaina lortzen dute, gihar finantzarioa, eta jarraitzen dute izaten direna, garbi daukate nongoak diren, erabakitze zentroa hor daukate...

Kezka handia dago Gipuzkoan erabakiguneei eustearekin.

Mundu mailan sekulako likidezia dago proiektu onen bila, sekulako apetitua, eta guk hemen apetitu hori asetzeko moduko enpresak dauzkagu; oso politak diren enpresak.

Ogasun diputatua izan zarela, ikusi berri dugu Joe Biden sozietate zerga handitzekotan... Hemen ere, espero daiteke zerga erreforma bat, ezta?

Ez zait tokatzen horretaz hitz egitea, baina bai, zerga erreforma bat etorriko da, eta hala esanda dago, gainera. Dena den, askotan dauzkagun gauzak ez ditugu baloratzen. Gure sozietate zergako kenkariak ikerketara eta garapenera, berrikuntzara daude oso bideratuta; diruak enpresetan geratzera. Beste lurralde askotan, gauzak ondo doazenean, sortzen den aberastasuna dibidendu bezala ateratzen da, eta kito. Gero, jakina, egoerak konplikatzen direnean, orduan, laguntzak eskatzen dira. Hemen berrinbertsioko kultura bat daukagu, eta hori bereziki krisi garaian antzematen da. 2008an enpresek ondo aguantatu zuten, nahiz eta galera handiak izan, ondo kapitalizatuta zeudelako; hau da, dirua ez delako dibidendu bezala ateratzen kanpora, baizik eta bertan geratzen delako. Zorionez, ikuspegi industrial bat dugulako, epe luzekoa, ez epe motzeko eta bukaera eskaseko ikuspegi finantzario bat.

Corrugadosek Azpeitian zabaldu nahi duen altzairutegiaz, ez da arriskutsuegia idatziz jarri gabeko proposamen bati alfonbra gorri moduko jartzea?

Zer da alfonbra gorria? Ez dugu ahaztu behar nola iritsi garen hona. Gu hona iritsi gara industrialak izan garelako. Lurralde aberatsa gara, bi ezaugarrirekin: errenta oso altua daukagu, aberastasun asko sortzen da. Eta aberastasuna oso ondo banatzen da, desberdinkeria txikia daukagu. Galdera da, nahi dugu industrial izaten jarraitu?

Gerturatu zaizu altzairutegia zen horren jabea jarduera berarekin berriz hasi nahi duela, eta nik bi galdera dauzkat: bat da ingurumenekoa eta bestea urbanistikoa. Ingurumenean, jakina, indarrean dauden baldintzak bete behar dituela esaten zaio. Eta urbanistikoki? Nire bokazioa, bilera guztietan, izan da aukera posible guztiak aztertzea. Kanpoaldean egitea zen beste aukera, baina berak hasieratik esan zuen ez zela posible. Gainera, ez dira pareko alternatibak: altzairutegi berri bat egiten hastea... Europa mailan ere ezinezkoa da. Erakunde desberdinen artean kolaborazioa egotea izan da nire kezka, teknikariak elkarrekin aritzea... Eta ez da posible izan. Debateak, nire ustez, nahiko azalekoak izan dira, eta erabaki horiek herri bezala hartu beharrekoak dira; ezin dira plaza batean hartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.