HRWek dio Kolonbiako Poliziaren abusuak ez direla «kasu bakanak»

Gobernuz kanpoko erakundeak jakinarazi du gutxienez 68 heriotza salaketa jaso dituela. Erreforma serio» bat eskatu dio gobernuari

Polizia agente bat manifestarien aurka tiro egiten, duela bi aste, Bogotan. MAURICIO DUEÑAS CASTAÑEDA / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko ekainaren 10a
00:00
Entzun
«Oso larriak» eta «egiturazkoak»: halakoak dira Kolonbiako Poliziak apirilean hasitako protestetan manifestarien aurka egin dituen «abusuak», HRW Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundearen arabera. Herrialde horretako 150 lagunen testigantzekin osatutako ikerketa baten ondorioak argitaratu zituen atzo erakundeak, eta, polizia ereduaren argazki argigarri bat egiteaz gain, hori erreformatzeko beharra nabarmendu zuen.

«Kolonbiako Poliziak egindako giza eskubideen urraketak ez dira diziplinarik gabeko agenteek egindako gertakari bakanak, sakoneko eta egiturazko akatsen emaitza baizik», azaldu zuen Jose Miguel Vivanco erakundeak Ameriketan duen zuzendariak, eta erroko arazoari heltzeko beharra azpimarratu zuen ondoren: «Erreforma serio bat behar da, modua egingo duena Polizia eta indar armatuak bereizteko, eta ikuskaritza egoki bat ziurtatuko duena, abusu horiek berriz gertatzea edo ziurgabe geratzea eragozteko». Izan ere, Kolonbiako Defentsa Ministerioak du bai Poliziaren eta bai militarren gaineko kontrola, eta protesten testuinguruan sarritan elkarrekin jardun dutela salatu du gobernuz kanpoko erakundeak, «bi indar horien funtzioen bereizketa argirik ez egitea» eragin baitu horrek.

Halaber, gobernuz kanpoko erakundeak auzitan jarri du gobernuak bere segurtasun indarrek egindakoak ikertzean duen zorroztasuna. Azaldu du abusuetan inplikatutako poliziak sarritan auzitegi militarretan epaitzen dituztela, eta «aukera gutxi» dagoela horietan «agenteek egindako abusuengatik ordaintzeko», auzitegi horiek «opakoak» baitira, eta ez baitute «independentziarik».

Igandean, Ivan Duque Kolonbiako presidenteak zenbait neurri iragarri zituen Polizia «eraldatzeko». Baliteke neurri horietako batzuek «eragin positiboa» izatea abusu polizialak eragozteari eta zigortzeari begira, HRWen ustez: hala nola Poliziaren barruko sistema diziplinarioa gogortzeak. Gainerakoak, ordea, neurri «kosmetikotzat» jo zituen, eta salatu ez direla nahikoa «giza eskubideen urraketak eragozteko eta abusuen ostean justizia egingo dela bermatzeko».

Abusuen ondorioak ere zerrendatu zituen HRWek. Orain arte 68 heriotza «salaketa sinesgarri» jaso dituztela zehaztu zuen, eta horietako 34 protesten testuinguruan hil zirela baieztatzeko modua izan dutela: bi polizia, ikertzaile judizial bat eta 31 manifestari. Azken horien kasuan, gutxienez hogei poliziaren eskuetan zirela hil ziren, erakundearen arabera. Gainera, erakundeak jakinarazi zuen gutxienez hamasei manifestari suzko armen tiroen ondorioz hil direla, eta hildakoek zauriak zituztela buruan eta toraxean, besteak beste. «Hiltzeko intentzioz» eginiko tiroak izan zirela erakusten du horrek, ikerketaren arabera.

Horrez gain, Defentsa Ministerioak bere datuetan jasoa du 1.100 manifestarik eta oinezko pertsonak lesioak izan dituztela, baina HRWek azaldu du litekeena dela kopuru hori handiagoa izatea, kasu asko ez baitira salatu agintarien aurrean.

Gatazkaren erdigunean

Segurtasun indarren jokabidearen inguruko eztabaidak protagonismoa hartu du Kolonbian azken egunotan, eta horixe izan da Ivan Duqueren gobernuaren eta greba batzordearen ezin ulertuaren jatorrietako bat —greba batzordeak negoziazioak eten zituen igandean, eta beste greba egun bat deitu zuen atzoko—. Protesta baketsuak egiteko bermeak ematea eta kaleen militarizazioa amaitzea eskatu zion batzordeak gobernuari, eta leporatu zion ez zuela negoziatzeko borondaterik.

IACHR Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak Kolonbiara egingo duen bisitak ere ez dio lagunduko Duqueri orain arte segurtasun indarrek egindakoen gaineko eztabaida isilarazten, eta horregatik adierazi du mesfidantza, hein batean, nazioarteko erakunde horren iritsierarekiko. Hasieran ez zuen beharrezkotzat jo, baina, nazioarteko komunitatearen kritikek behartuta, onartu egin behar izan zuen.

Azkenean, IACHRen ordezkaritza astelehenean heldu zen Kolonbiara. Giza eskubideen urraketen testigantzak biltzea izango da haren zeregina, eta, argazki orokorra osatu ondoren, gomendio sorta bat ematea. «Sektore guztiak entzutea oinarrizkoa da guretzat, ikuspegi zabala izateko eta ondo ulertzeko Kolonbian zer gertazen ari den azken asteetan», adierazi zuen Antonio Urrejola erakundearen zuzendariak.

Herenegun, ordezkaritza Duquerekin bildu zen, eta Diego Molano Defentsa ministroarekin eta Jorge Vargas Poliziaren zuzendariarekin ere egin zituen bilerak. Espero da segurtasun indarrek egindako gehiegikeriei buruzko informaziorako sarbidea izatea eskatuko diola erakundeak gobernuari, eta horiek bideratzeko moduaren inguruko xehetasunez ere galdetuko diola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.