Albistea entzun

Paperaren industriak pandemiaren oldarraldiari eutsi dio, eta lana sortu du

Sektoreak %10 gutxiago fakturatu zuten iaz, baina enplegua %2 handitu zuen. Plastikoa ordezkatzeko produktuetara zabaldu dute negozioa
JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Jokin Sagarzazu -

2021eko ekainak 11

Iazko urtea beltza izan zen industriako azpisektore gehienentzat, baita papergintzarentzat ere. Dena den, horrek beste batzuek baino gutxiago nabaritu du COVID-19aren oldarraldia. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako paperaren klusterreko enpresek jakinarazi dutenez, fakturazioan behera egin duten arren, lanpostuak sortu dituzte. Zehazki, 2019an baino %10 gutxiago salerosi zuten, baina enplegua %2 handitu zuten. Euskal Herrian tradizio handiko industria da paperarena, eta, azken hogei urteetan pisua galduz joan den arren, gaur egun 2.663 pertsonak egiten dute lan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan diharduten 36 enpresetan.

Aurreikuspenak ez dira txarrak. Klusterrak azaldu duenez, pandemiaren kolpea ez da hainbestekoa izan, hein handi batean azken urteetan negozioa dibertsifikatzeko egin dituzten ahaleginei esker. Osasun krisiari aurre egiteko ezarri diren joan-etorrien debekuek gorakada eragin dute produktu jakin batzuetan: garbiketarako produktuak eta higienekoak, adibidez, eta merkataritza elektronikoko salerosketen garraioarekin loturikoak. Horietan espezializatzen hasiak dira sektoreko euskal enpresak, eta albo batera uzten haien negozioen oinarri izan den eta gero eta gutxiago kontsumitzen den paper grafikoa. Guztira, 1.229.410 tona pasta eta paper produzitu zuten iaz.

Egiten duten erdia Iberiar penintsulatik kanpo saltzen dute: 550 milioi fakturatu zuten horrela. Eta hor ere beste azpisektore batzuek baino emaitza hobeak lortu dituzte: esportazioek %9 egin dute behera, pandemiagatik logistikan izan diren askotariko arazoen eraginez.

Sektorea aldaketa garaian dago, biziberritzen. 2000. urtetik paperaren eta kartoiaren munduko ekoizpena %33 hazi da. Bereziki, paketatzeari, packaging-ari eta plastikoaren ordezkoekin lotutako produktuei esker. Horien ekoizpena %49koa izatetik gaur egun fabrikatutako paper produktuen %63 izatera pasatu da. Paper grafikoa, berriz, %43tik %27ra jaitsi da.

Klusterrak azaldu duenez, sektoreko euskal enpresek 95 milioi euroko «inbertsio handiak» egin dituzte «paper bereziak» ekoizteko: eskuoihalak, adibidez, eta plastikoen ordezko beste produktu natural eta biodegradagarri batzuk. Bide horretan jarraitu nahi dute, eta, horretarako,120 milioi euroko inbertsio proiektuak aurkeztu dituzte administrazioen laguntzen deialdietara.

Gainera, elkarteak azpimarratu duenez, hainbat inbertsio egin dituzte ingurumen inpaktua murrizteko, hondakinak eta uretara eta atmosferara egiten dituzten emisioak murrizteko. Hala, azaldu dute 2020an lohien %88 balioztatzea lortu zutela.

Klusterra, hala ere, kezkatuta agertu da lehengaien eta energiaren prezioen igoerekin, horrek lehiakortasun galera ekar dezakeelako. Gogorarazi duenez, argindarrarena %37 garestiagoa izan zen iaz, eta «halako bi garestiago» izaten ari da 2021eko lehen hilabeteetan. Horri gasaren prezioaren igoera gehitu behar zaiola azpimarratu du: urtea %80ko igoerarekin amaitu zuen, eta 2021ean % 27 igo da. CO2 isurtzeko eskubideak, berriz, %34 garestitu dira 2020an.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Pertsona bat, argindar konpainia baten goi tentsioko linea baten alboan. ©ELISEO TRIGO / EFE

Madrilek argindarraren BEZa urtea amaitu bitarte jaitsiko du, baina aldakorra izango da

Jokin Sagarzazu

%21etik %10era murriztuko da, eta hileko faktura sei euro merkatuko da batez beste. Hamar kilowatteko potentzia baino gutxiago dutenentzat izango da

Iruñeko Caixabanken egoitza nagusian elkarretatzea egin zuten atzo, kaleratzeen aurka. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Caixabankeko langileek greba egin dute Hegoaldeko 140 kaleratzeak salatzeko

Joxerra Senar

Sindikatuen arabera, erantzun handia izan du lanuzteak, %80tik gorakoa. Taldeak ezarritako baldintzak «basatiak» eta neurrigabeak direla diote

 ©ISMAEL HERRERO / EFE
Autobus elektrikoa, Irizarrek Adunan duen plantaren aurrean. ©M.A. / FOKU

Enplegu berderako gida

Imanol Magro Eizmendi

Trantsizio ekologiko egoki batek lan merkatuan izango lukeen eragin positiboa aztertu dute zenbait elkartek eta sindikatuk. Energia iturriak nazionalizatzea eta haien kontsumoa murriztea dira gakoetako batzuk.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna