Katalisi teknika baten asmatzaileei emango diete Kimikako Nobel saria

Stockholmgo Karolinska Institutuak atzo ezagutarazi zuen aurtengo Kimikako Nobel saria Benjamin List alemaniarrak eta David MacMillan eskoziarrak jasoko dutela, katalisiak egitea errazten duen teknika bat garatzeagatik: organokatalisi asimetrikoa. Suediako Zientzien Errege Akademiaren esanetan, teknika horrek botikak garatzeko prozesuak azkartu eta hobetu ditu, eta konposatu merkeagoak sortzeko bidea ireki du. Modu berean, industria kimikoak ingurumenean duen inpaktua txikitzen lagundu du.
Bi zientzialariek 2000. urtearen bueltan garatu zuten teknika berria, nork bere aldetik. Saridunen berri ematean, Kimikako Nobel batzordeko presidente Johan Aqvistek nabarmendu du katalisi mota hori«sinplea bezain asmotsua» dela. Horren bitartez, molekula asimetrikoak modu errazagoan eraiki daitezke, eta konposatu kimikoak aiseago eralda eta sor daitezke.
Katalisiaren bitartez, erreakzio kimikoak bideratu eta azkartu egiten dira. Duela bi hamarkadara arte, metalak eta entzimak baliatzen ziren horretarako. Baina katalizatzaile organikoak erabilita, ingurumen inpaktua txikitzen da, elementu organikoetan abiatutako loturak errazten direlako. Dena dela, abantailarik handiena molekula asimetrikoak sortzeko gaitasuna da. Izan ere, laborategian molekulak ekoizten direnean, bi molekula simetriko sortu ohi dira, baina normalean bat bakarrik da erabilgarria. Hortaz, ekoizpen hori modu asimetrikoan egitea komeni da, eta hori da, hain justu, organokatalisi asimetrikoa ahalbidetzen duena.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.