Sudango herritarrei «kohesioa» eskatu die Al-Burhan buru militarrak

Trantsiziorako kontseiluaren presidentearen esanetan, militarrek gidatu behar dute hauteskundeak egin arteko prozesua

Al-Burhan, azaroan. EFE.
Igor Susaeta.
2022ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Abdel Fatah al-Burhan Sudango Trantsiziorako Kontseilu Subiranoaren presidenteak herritarrei eskatu die «kohesioa» erakusteko eta «interes alderdikoiak bazter uzteko». Buruzagi militarraren ustez, modu horretan gauzatu ahal izango dute 2019an hasi eta 2023an hauteskundeak eginda bukatzekoa den trantsizio epea.

Herenegun Abdalla Hamdok herrialdeko lehen ministroak dimisioa eman ondoren, indar armatuen bozeramailearen bulegoak ohar bat plazaratu zuen Al-Burhanen hitzekin. Gobernu independente bat osatzeko «beharra» aldarrikatu zuen, eta uste du horren egitekoa «sudandar guztiek» adostu beharko luketela. Hain zuzen, teknokratez eta independentez osatutako gobernu bat egitea adostu zuten trantsiziorako kontseiluko bi sektoreek, militarrak eta zibilak, azaroaren 21ean. Baina protesta handiak zeuden ordurako, urriaren 25ean militarrek emandako estatu kolpearengatik: akordioren ondorioz, areagotu egin ziren; bide batez, Hamdoken dimisioa ere eragin zuten.

Buruzagi militarrarentzat, ordea, trantsizio eperako zehaztutako zereginetan jarri behar dira indarrak. «Hauek dira: bakea lortzea, segurtasuna zabaltzea, pertsonen arazoei heltzea eta hauteskundeak egitea». Al-Burhanek aurreko astean esan zuenez, haien asmoa da bozak 2023an egitea; hasieran, ordea, adostuta zeukaten 2022an egitea. Oharrean azpimarratu duenez, hauteskundeek sudandarren xedeak «asebeteko» dituzte. Hori bai, iruditzen zaio militarrek izan beharko luketela prozesuaren gidari. «[Indar armatuak] Nazioaren segurtasun balbula dira; bat eginda eutsi, eta beren lurra babestuko dute».

Protesta gehiago

2019ko apirilean, egoera ekonomikoagatik herritarrek egindako protestek akuilatuta, Omar al-Baxir 1989tik presidente zena boteretik kendu zuen armadak. Eta azken asteetan ere handiak izan dira protestak. Atzo ere egin zituzten, eta, ia manifestazio guztietan gertatu bezala, Poliziak negar gasa jaurti zuen Khartum hiriburuan, Port Sudanen eta, besteak beste, Nyalan egindako mobilizazioak sakabanatzeko. AFP agentziaren arabera, gobernu militarraren kontrako aldarriak oihukatu zituzten. Medikuen Batzordea elkartearen zenbaketaren arabera, 57 herritar hil dituzte azkeneko bi hilabeteotan urriaren 25eko estatu kolpearen aurka egindako protestetan. Nazio Batuen Erakundeak salatu dugutxienez 13 emakumezko bortxatu dituztela azken asteotako istiluetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.