Europako Batasunean 1,7 milioi langabe gutxiago daude duela urtebete baino

Langabezia tasak COVID aurreko maila hobetu du, hala Batasunean nola eurogunean. Espainiak dauka tasarik handiena: % 14,1

Behargin bat lanean. L. EDUARDO NORIEGA / EFE.
xabier martin
2022ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Pandemiak apenas eman duen su-etenik azken urtean, baina, hala ere, Europako Batasuneko herrialdeen ekonomiak hazi egin dira, eta hazkunde horren isla da langabezia datuak argiro hobetu izana. Izan ere, Eurostaten datuenarabera, Batasunak eta euroguneak COVID aurreko langabezia maila hobetu dute. 2020ko otsailean, birusaren eztandaren atarian, %6,6 eta %7,4 ziren tasa horiek, hurrenez hurren, eta 2021eko azaroan, berriz, %6,5 eta %7,2 dira.

Beste modu batera esanda: ia hamalau milioi langabe daude Europako Batasunean, 13,98 milioi hain zuzen, baina azken urtean 1,65 milioi pertsona atera dira langabeziatik; kasik beste horrenbeste izan ziren, ordea, lanik gabe geratu zirenak koronabirusak eragindako krisi ekonomikoaren eraginez. 2020ko irailean jo zuen goia langabeen kopuruak Europan. % 7,7ko tasa hartu zuen Batasunean, eta eurogunean, berriz, %8,6koa. Pandemia ez da gainditu oraindik, omikron aldaeraren oldartzeak argi utzi duenez, baina ekonomiak ari dira birusarekin batera hazteko moduak topatzen, eta langabezia tasen beherakada da horren ondorioetako bat.

Espainiak dauka Europako Batasuneko kideen artean langabezia tasarik handiena, Eurostaten azken datuen arabera (azaroa): %14,1. Iazko ekainetik da tasa handieneko kidea 27en artean, eta, 2020ko azarotik 2,1 puntu apaldu duen arren, hazkunde handiagoa beharko du enplegu gehiago sortzeko; nazioarteko turismoaren mendekotasunak bereziki zigortu du haren ekonomia, pandemiaren garaian.

Sokaren mutur biak

Langabezia daturik okerrenak dituzten multzoan daude, era berean, Grezia (%13,4), Italia (%9,2), Suedia (%8,4), Frantzia (%7,5) eta Letonia (%,7,3). Sokaren beste muturrean azaltzen da Europako motor ekonomikoa: Alemania. %3,2ko langabezia tasa dauka hark, baina badira indize hobea duten beste batzuk: esaterako, Txekia (%2,2), Herbehereak (%,2,7) eta Polonia (%3). Ikasle aurreratuen multzoa osatzen dute Maltak (%3,5) eta Hungariak (%3,8).

25 urtetik azpikoei dagokienez, %15,4 da langabezia tasa Europako Batasunean, urritik azarora bi hamarren apaldu ondoren. Hiru hamarren jaitsi da eurogunean, eta %15,5 da. Hala, 2,84 milioi gazte dago langabezian Batasunean, eta horietako 2,31 milioi euroguneko kideetako herritarrak dira.

Gazteen langabeziari dagokionez ere, ohiko susmagarriak dira tasa handienak dituztenak. Grezian, 25 urtetik beherako hamar gaztetik ia lau lanik gabe daude (%39,1), eta Espainian, hamarretik hiru dira lanik gabekoak (%29,2). Hala ere, estatu kide horretan langabezia tasa onena lortu dute 2008tik, estreinakoz %30etik jaitsi baita erakuslea. Italia da gazteen langabezian datu okerrenetan hirugarrena duena: %28.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.