Aro digitalak irentsi du

Sears-ek porrot egin du, garai batean munduko merkataritza txikizkari handiena zenak. Ezin izan die aurre egin galerei eta Amazonen lehiari

Sears enpresaren saltoki bat Northridgen (Kalifornia, AEB), artxiboko irudi batean. MIKEL NELSON / EFE.
Ivan Santamaria.
2018ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Disrupzio digitalaren azken biktima da Sears: 125 urteko saltoki kateak porrot eskaera aurkeztu zuen atzo New Yorkeko epaitegi batean. Orain dela urte batzuk hasitako hondoratze baten azken atala da, eta orain ez dago argi konpainia gai izango den edo ez likidaziotik salbatzeko.

Posta bidezko salmentan aitzindari gisa abiatu zen, eta garai batean txikizkako merkataritza saltoki handiena izan zen munduan. Hori baino gehiago ere bai. Bigarren Mundu Gerraren ostean AEBetan emandako kontsumoaren eztanda ezin liteke Sears gabe ulertu. 1973. urtean egoitza berria estrenatu zuen Chicagon, eta dorre hura munduko eraikin garaiena izango zen ia mende laurden batez. Herri kulturan ere ohikoak dira konpainiaren eskuetan dauden marka ezberdinei egindako erreferentziak.

Konpainia handienek ere berrikuntza faltagatik eror daitezkeen oroigarri ere bihurtuko da, aurrera begira. 2007ko apirilean, Kmart deskontu katearekin bateratu eta gutxira, konpainiaren akzio bakoitzak 156 dolar balio zituen. Atzo, dolar bat baino gutxiagoan salerosi ziren akzioak.

Pazientzia agortu zaie hartzekodunei. Atzo bertan 134 milioi dolar bueltatu behar zituen konpainiak, baina ez zeukan dirua nondik atera. Krisi ekonomikoaren ondoren, kosta egin zaio salmentei eustea —ez du irabazirik izan 2011. urtetik—, eta sektorean egon den lehia gogorrari aurre egin ezinik ibili da. Walmart edo Target bezalako saltokien hedapenak kalte egin dio, eta, bereziki, ez du asmatu nola erantzun Amazonek Internet bidezko merkataritza estrategia erasokorrari.

Sears kontrolatzen duen konpaniak 5.600 milioi dolar zor ditu. Ez du hitzartu diru hori birfinantzatzeko akordiorik, eta hartzekodunak hasi zaizkio bueltan eskatzen. Zuzendaritzak ziurtatu du porrot eskaerari jarraituz gai izango direla berregituratze sakon bat egiteko, eta aurrera begira eredu errentagarri bat martxan jartzeko, denda gutxiagorekin.

Zalantzak daude aurrera egiteko aukerari buruz, ordea. Konpainiak bere marka ezagunenetako batzuk saldu ditu honezkero, eta saltokiak itxita konpentsatu nahi ditu orain galerak. Abuztuan 860 saltoki zituen AEBetan. Iragarria zuen azarorako 46 itxiko zituela, eta orain galerak dituzten beste 142 denda kenduko ditu Gabonetarako, aurretik produktuak beherapenekin eskaintzeko aukera baliatuta. 68.000 langile ditu uneotan; 300.000 baino gehiago ziren duela hamar urte.

300 milioi irauteko

Orain dela hamalau urte Eddie Lampert inbertitzaileak erosi zuen Sears. Porrot eskaerari jarraituz, kargu exekutiboak utziko ditu konpainian. Momentuz, enpresak 300 milioi euroko kreditu bat du dendak irekita mantentzeko eta langileen soldatak nahiz salgaiak ordaintzen jarraitzeko. Lampert bera beste konpainia batetik 300 milioi gehiago mailegatzeko aukera aztertzen ari da, baina epaileak eman beharko dio baimena eragiketa horri.

Hartzekodunak konbentzitzeko, gabonak bitarteko salmentak erabakigarriak izango dira. Ez da ataka horretan egon den bakarra. Joan den urtean Toys 'r' Us jostailu enpresa handia saiatu zen porrotetik ateratzen, baina ez zuen lortu, eta likidatuta amaitu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.