Euroeskualdeak webgune bat sortu du, langileen fluxua errazteko

3.800 lagunek baizik ez dute muga zeharkatzen beste aldean lan egiteko. Informazio erabilgarria eskainiko du 'Empleo-info.eu' atariak

Empleo-info.eu webgunearen irudia. BERRIA.
Iker Aranburu.
2018ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Bidasoaren bi aldeetako lan merkatuetan dagoen muga trinkoa arintzeko urrats bat egin du Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak. Empleo-info.eu webgunea sortu du, mugaren beste aldean lan egin nahi dutenei informazio erabilgarria emateko. Horretan kontsultatu ahal izango dira, besteak beste, lan eskubideak, zerga sistemak, gizarte kontribuzioak eta izapide administratiboak nola egiten diren.

Webgunearen sorrera zuzenean lotuta dago 2017ko abenduan lan mugikortasunari buruz kaleratutako txostenarekin. «Datu deigarria eta kezkagarria» eman zuen inkesta horrek, Izaskun Goñi Nafarroako Politikoa Ekonomikoaren zuzendariak aitortu zuenez. Izan ere, esan zuen langileen oso mugimendu txikia dagoela mugaren alde batetik bestera: egunero, 3.863 pertsonak soilik gurutzatzen dute Bidasoa lanera joateko. Kopuru hori oso txikia da, kontuan hartuta Euskal Herri osoan 3,1 milioi lagun bizi direla eta 8,7 milioira iristen direla euroeskualde osoan.

Gainera, mugimendu gehienak talde oso zehatz bati dagozkio: azken hamarkadetan, etxebizitzaren prezio txikiagoengatik, Gipuzkoatik Hendaiara bizitzera joan baina Gipuzkoan lanean jarraitzen dutenei. Iparraldetik Hegoalderako bidea egiten dutenak dira mugaz gaindiko fluxuen %83 (2.312 langile), eta horietatik %87 Lapurdin bizi diren gipuzkoarrak dira (%69 Hendaian, eta beste %13 Urruñan).

Webgunea euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz dago, eta lan egiteko muga zeharkatu nahi duten langileei beren eskubide eta betebeharrak zeintzuk diren azaltzen dizkie. Euroeskualdeak onartu duenez, gaur egun enpresaburuek eta langileek ez dituzte argi lurralde batean lan egin eta beste batean bizitzeak zer ondorio izango dituen, eta horrek langileen fluxua oztopatu egiten du.

Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta Akitania Berriaren arteko elkarlanek sortu dute webgunea, eta Europako Empleo egitasmoaren laguntza jaso du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.