Bruselak 'brexit'-aren atzerapen laburragoa jarri du mahai gainean

Irteera data maiatzera atzeratzea proposatu du, eta atea ireki abendura luzatzeari, Erresuma Batuak Europako bozetan parte hartuko balu

Kurz Austriako kantzilerra eta May Erresuma Batuko lehen ministroa, atzo, elkar agurtzen, Bruselan. ARIS OIKONOMOU / EFE.
ander perez zala
2019ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak eskaturikoa baino atzerapen laburragoa jarri du mahai gainean Europar Kontseiluak. Atzoko goi bilerako lehen zirriborroaren arabera, gainontzeko 27 estatu kideek maiatzaren 22ra arteko epea proposatu zuten, baina eztabaidak luze jarraitu zuen orduek aurrera egin ahala, eta behin-behineko testu hori zuzentzea erabaki zuten; hala, irteera data maiatzaren 7ra atzeratzeko proposamena egin zuen Emmanuel Macron Frantziako ministroak. Egun hori ez da kasualitatea: maiatzaren 8a jaieguna da Frantzian, II. Mundu Gerrako garaipena ospatzeko, eta hurrengo egunean, maiatzaren 9an, estatu kideek goi bilera informala dute Errumanian, Europako Batasunaren (EB) geroaz eztabaidatzeko.

Behin betiko proposamena edozein dela ere, bi data horiek ez datoz bat Mayk herenegun proposaturikoarekin: hiru hilabeteko atzerapena eskatu zuen Erresuma Batuko lehen ministroak, ekainaren 30era artekoa. Argudiatu zuenez, horrek denbora emango lioke Bruselak eta Londresek adosturiko brexit-erako akordioa Komunen Ganberan onar dezaten, nahiz eta jakitun dagoen diputatuek bitan eman diotela ezezkoa itun horri: lehenik, urtarrilean, 230 botoren aldearekin; eta bigarrenik, hil honetan, 149ren aldearekin.

Mayk, ordea, testu hori hirugarren aldiz aurkezteko asmoa du, baina zail izango du hori egitea, John Bercow Komunen Ganberako presidenteak astelehenean ohartarazi baitzion ezin duela «akordio bera» hirugarrenez bozkarazi. Eta, estatu kideek behin eta berriz errepikatu dutenez, brexit-erako ituna «itxita dago», ez dute «irekiko».

Horiek horrela, badirudi 27 gobernuburu eta estatuburuek alde batera utzi dutela Donald Tusk Europar Kontseiluak herenegun proposaturikoa. Izan ere, agintari horrek baldintza bat jarri zion atzerapen labur bati: Komunen Ganberak onar dezala testua. Baina 27ek zail ikusten dute arrakasta, eta, ondorioen lehen zirriborroaren arabera, ez zioten baldintza hori jarri Erresuma Batuko lehen ministroari atzerapen laburra onartzeko.

Europako hauteskundeak

Betiere Macronen proposamenaren arabera, Londresek atzerapena are gehiago luzatzeko aukera izango luke, urte amaierara arte; baina, testuinguru horretan bai, atzerapenak baldintza bat izango luke: maiatzaren 23tik 26ra egitekoak diren Europako hauteskundeetan parte hartzea.

Hori egiteko, Erresuma Batuak beranduenez apirilaren 11rako jakinarazi beharko luke boz horietan parte hartzeko asmoa ote duen, hori baita baldintza bakarra irteera data abenduaren 31ra atzeratzeko. Bi hilabete falta dira hauteskunde hitzordu horretarako, eta, brexit-aren ondorioz, argitu gabe dago oraindik ere Erresuma Batuko alderdiek parte hartuko ote duten. Teorian, ez lukete parte hartuko, baina, gaur-gaurkoz, ez dago ezer ziurrik. Europako Parlamentuak 751 diputatu ditu egun, eta horietako 73 dagozkio Erresuma Batuari; Alemaniaren eta Frantziaren ondoren ordezkari gehien duen estatua da —Italiarekin berdinduta—.

Erresuma Batua hitzordura aurkeztuko ez balitz, 73 eserleku horietako 26 banatuko lituzkete gainontzeko estatuen artean, eta 705 eurodiputatuko ganbera bat geratuko litzateke; Erresuma Batuaren balizko desagertzetik Frantziak eta Espainiak aterako lukete etekinik handiena, bosna diputatu irabaziko bailituzkete: Frantziak 79 edukiko lituzke, eta Espainiak, 59. Maiatz amaierako hitzordutik aterako diren ordezkariek uztailaren 2an hartuko dituzte euren eserlekuak; hain justu, data hori ere kontuan hartuko dute Londresek eta Bruselak irteera are gehiago atzeratzea erabakitzen badute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.