Panificadora Alavesa zigortu dute epaitegiek langile bati jazartzeagatik

100.000 euroko kalte-ordaina pagatu beharko dio E.M.R. beharginari, «langilearen interesen aurkako jarrera argia» izan duelako urte askoan
Ogia egiten, okindegi batean.
Ogia egiten, okindegi batean. BERRIA

Xabier Martin -

2019ko irailak 13
E.M.R. ez da jadanik Panificadora Alavesako behargina. Urte askoan haren aurka aritu zen zuzendaritza, «lan harremanari kalte egiten». Orain, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak langilearen alde eta enpresaren aurka ebatzi du. Panificadora Alavesak 99.994,94 euro ordaindu beharko dizkio langileari kalte-ordain gisa, «langilearen interesen aurkako jarrera argia» izan duelako; jazarpena egin ziolako urte askoan, alegia. Gasteizko enpresa horretako behargina zen 1987az geroztik E.M.R.

CCOO sindikatuak ezagutarazi zuen atzo EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpena, eta, bertan jasoa dagoenez, enpresak modu larrian urratu ditu langilearekiko zeuzkan eginbeharrak, eta hark maiz jo behar izan du auzitara, lan baldintzetan aldaketak inposatu dizkiotelako, oporretan, eskatu dizkioten diru kopuruetan eta ezarritako zigorretan. Enpresa langilearen aurka tematu dela dio epaiak, eta ez dizkiola onartu bere eskubideak desadostasunak auzitara iritsi ez diren bitartean.

Are gehiago, enpresak lantaldea elkartu zuen behin gutun bat ozen irakurri eta denek entzun zezaten E.M.R. beharginaren jarduna nolakoa omen ze­n. Bere lan errendimendua «nahita» apaldu zuela zioen gutun horrek, ekoizpenaren kalitateari kalte egiten ziola, eta akats ugari egiten zituela. Era berean, lanorduetan «paseotxo» gehiegi egiten zituela egotzi zion zuzendaritzak. Batzar horrek eragindako tentsioak bultzatuta, E.M.R. langileak bilkura utzi, eta Ertzaintzara jo zuen.

CCOO sindikatuak ohartarazi zuen «horrelako praktikak» egiten dituzten enpresek auzitan bukatuko dutela, eta iritzi publikoak ezagutu egingo dituela, «jarrera horiek ez dutelako etikarik, abusua besterik ez direlako». Enpresa guztietan «tratu etikoa» eskatu zuen langileentzat.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna