Kurz: «Uste dut oraingoan zailagoa izango dela gobernua osatzea»

Austriako jarduneko lehen ministroarena da bozetan boto gehien lortu duen alderdia: %38

ander perez zala
2019ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Sebastian Kurz Austriako jarduneko lehen ministroak hainbat aukera ditu mahai gainean gobernu koalizio bat osatzeko, baina atzo aitortu zuen negoziazioek 2017koak baino gehiago iraungo dutela: «Denbora asko behar duen erronka bat izango da. Uste dut oraingoan zailagoa izango dela gobernua osatzea».

Kurzek ordezkaritza lortu duten alderdi guztiekin batzartzeko asmoa du, baina, gaur-gaurkoz, ez du argitu zein den haren lehentasuna. Austriako Barne Ministerioak emandako behin-behineko emaitzen arabera, jarduneko lehen ministroaren Austriako Alderdi Popularrak (OVP) jaso zuen boto gehien herenegungo bozetan: %38,2 (73 diputatu). OVPren atzetik geratu dira Austriako Alderdi Sozialdemokrata (SPO), botoen %21,3rekin (40); Austriako Askatasunaren Alderdia ultraeskuindarra (FPO), babesen %16,9rekin (32); Berdeak, botoen %12,9rekin (24); eta NEOS liberala, babesen %7,6 (14) jasota.

Testuinguru horretan, Kurz azken legealdiko koalizioa errepikatzen saia liteke, baina FPOko buruzagitzak atzo jakinarazi zuen nahiago dutela «zauriak oposizioan sendatu». OVPren eta FPOren arteko koalizioa iragan maiatzean hautsi zuen Kurzek,Eivissa auziaren ondorioz: bideo grabazio batek ustezko ustelkeria kasu batekin lotu zuen Heinz-Christian Strache ultraeskuindarra, garai hartan kantzilerorde zena. Ondoren, SPOk zentsura mozio bat aurkeztu zuen, eta jarduneko lehen ministroak galdu egin zuen.

Berdeekin elkartzea

Ultraeskuindarrekin berriz elkartzeaz gain, Kurzek Berdeengana jo lezake, bi alderdiak batuta gehiengo osora iristen baitira Kontseilu Nazionalean. Ez litzateke lankidetza berria izango: mendebaldeko Salzburgoko eta Tirolgo estatuetan agintean daude bi alderdiak, koalizio gobernuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.