Michelek suspertze funtsari eutsi dio, baina baldintza gogorragoekin

750.000 milioi euroak mantendu ditu Europako Batasuneko negoziazioetarako proposamenean

Charles Michel Europako Kontseiluko presidentea, atzo, bere proposamena aurkeztu ostean. KENZO TRIBOUILLARD / EFE.
Irune Lasa.
2020ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Bataila gogorra izango da datorren asteko Bruselakoa; hurrengo urteetarako (2021-2027) aurrekontuak dituzte negoziatzeko eta, batez ere, koronabirusaren ondorioei aurre egiteko suspertze funtsa. Zenbat, nola, zein baldintzatan, norentzat... Eta hori guztia, Batasunaren beraren loturak aspaldiko tentsio handienaren pean daudenean.

Kontseiluko presidenteak, Charles Michelek, atzo marraztu zuen uztailaren 17-18rako gudu zelai berria. Eztabaidarako oinarri izango den proposamenak, hasteko, epe luzerako aurrekontu txikiagoa aurreikusten du. 1,1 bilioi eurokoa zena otsailean, 1,074 bilioikoa da orain.

Proposamen horrekin ez litzateke txikituko Nekazaritza Politika Bateratuko diru saila, baina otsailean proposatutakoa jada nahikoa txikia zen, orain arte alor horretara bideratutako diruei begira. Berdin jazo da kohesio funtsekin, zeinak hegoaldeko eta ekialdeko herrialdeentzat garrantzitsuak diren.

Michelek beste adjudikazioetan proposatu ditu murrizketak. Hasieran baino diru gutxiago legoke ikerketa programetarako, nazioarteko laguntzetarako, eta migrazioen eta mugen kudeaketarako.

Deskontuak

Hori bai, aldaketarik ez aurrekonturi egin beharreko ekarpenetan zenbait herrialdek dituzten deskontuetan; dirua aurrezten jarraituko lukete Alemaniak (3.671 milioi euro), Austriak (237 milioi), Danimarkak (197 milioi), Herbehereek (1.576 milio) eta Suediak (789 milioi).

Kontzesio bat ote da suspertze funtsa presiopean duten herrialde xuhurrak—Frugal Four delakoak— gozatzeko, Austria, Danimarka, Herbehereak eta Suedia? Hala bada, ez da egin zaien kontzesio bakarra.

Koronabirusaren ondorioei eta etorkizunari aurre egiteko suspertze funtsarentzat Europako Batzordeak proposatutako kopuru bera jaso du Michelek. Oraindik ere 750.000 milioi euro dira, eta horietatik bilioi erdia laguntza zuzenetan banatuko litzateke, gainerako 250.000 milioiak kreditu gisa joanda.

Baina, xuhurrek nahi bezala, Suspertzerako eta Erresilientziarako Tresnako (RFF ingelesez) diruak banatzerakoan ez lirateke erabat aplikatuko Espainiaren eta Italiaren mesederako diren irizpideak. Hala, diruen %30 banatzeko, kontuan hartuko litzateke 2020 eta 2021eko barne produktu gordinaren erorketa. Horrez gain, xuhurrek eskatu bezala, 2026an hasi beharko lirateke zorrak pagatzen, Batzordeak 2028. urtea ezarri zuenean.

Halere, jarrera zurrunenetakoa duten Herbehereek ez dute lortu gurari bat: Europako Batasuneko herrialde guztiek aho batez eman behar izatea herrialdeei laguntzak emateko oniritzia. Gehiengo kalifikatua proposatu du Michelek.

Herbehereetako lehen ministro Mark Ruttek abegi ona egin zion atzo bertan Michelen proposamenari: «Otsailekoak baino itxura hobeagoa du». Negoziatzeko prest agertu zen, baita presioei aurre egiteko ere. «Ez naiz mazapanezkoa, maneia dezaket hori», esan zuen Ruttek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.