Israelek 57 lagun hil ditu Sirian, azken urteetako erasorik gogorrenean

Siriako armadaren hemezortzi posturi eraso die Israelek, Deir ez-Zor probintzian. AEBen laguntza izan duela esan du ezkutuko iturri batek

Israelgo armadaren tropak, maniobra militarrak egiten, Golango gain okupatuan, iragan abenduaren 30ean. ATEF SAFADI / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Azken asteetan Israelek Sirian egin dituen erasoek jarraipena izan zuten atzo, baina atzokoa ez zen aurrekoen segida hutsa izan. Aitzitik, Siriako lurretan azken urteetan egindako erasorik gogorrena eta hilgarriena izan zen Israelgo armadak gauzatutakoa.

Baxar al-Assaden armadaren eta haren aliatuen aurkako erasoa izan zen, eta, hein berean, Iranek Sirian duen indarraren aurkakoa. Iranen babespeko milizia xiiten aurkako presioa areagotu du Tel Avivek, eta mehatxutzat ikusten du Siria ekialdean duten presentzia. Israelgo Gobernuak adierazia du indar xiitek kontrolatutako Libano eta Iran arteko pasabide bat ahal den moduan eragozten saiatuko dela, eta argudio horren pean erasoak gogortu ditu. Horren erakusle da atzo gertatutakoa. Gutxienez, 57 lagun hil zituen Israelek, Erresuma Batutik jarduten duen Siriarako Giza Eskubideen Behatokiak jakinarazi zuenez —hasieran, hildakoak 40 izan zirela esan zuen erakundeak, baina kopurua igo egin zuen ordu gutxitara—, eta miliziano xiitak izan ziren horietako gehienak. Zaurituak ere dozenaka izan ziren.

Israelgo hegazkin militarrek Deir ez-Zor probintzian Siriako armadak kontrolatutako hemezortzi gune militar bonbardatu zituzten. Deir ez-Zor hirian izan zen hildako gehien, 26, eta Al-Bukamal eta Al-Mayadin herrietan, hamabost eta hamasei lagun hil zituzten; denak ere, Iranen babespeko milizianoak, erakunderen arabera. Hezbollah milizia xiitako soldaduak eta Iranen aliatu diren beste zenbait miliziatako kideak hildakoen artean daudela ere esan zuen.

Arma biltegien eta Siriako armadaren kontrolpeko puntuen aurkako erasoa izan zela adierazi zuen behatokiak, eta Israelek Abu Kamal eskualdeko zenbait puntu ere bonbardatu zituela, Siriaren eta Iraken arteko mugan. Dozenaka lagun hiltzeaz gain, erasoaren ondorioz, Siriako armadaren armamentua, arma biltegiak, munizioa eta makineria ere suntsituta geratu zirela zehaztu zuen. «Armada siriarraren, Hezbollahren eta indar irandarren armak» izan zituzten jo puntuan erasoa egitean, gobernuz kanpoko erakundearen esanetan.

Siriako Sana albiste agentziak ere eman zuen bonbardaketaren berri, eta Israel egin zuen erantzule, baina ez zuen hildakoen kopurua aipatu.

AEBak ere zipriztindu zituen erasoak. Israelek AEBetako inteligentzia zerbitzuaren laguntza izan zuela adierazi zuen halako zerbitzuetan jarduten duen funtzionario batek, bere identitatea ezkutatuta, The Associated Press berri agentziaren bidez. AEBek erasoaren berri zutela esan zuen funtzionario horrek, eta kooperazioan jardun zutela bi herrialdeek, Sirian eraso beharreko helburu militarrak zehazten.

Funtzionario horrek emandako informazioaren arabera, oliobide baten barruko zenbait biltegi zituen jomugan erasoak: Iranen armak biltzeko erabiltzen ziren. Gaineratu zuen Iranen programa nuklearrerako baliagarriak diren osagaiak bideratzeko ere erabiltzen dituztela biltegi horiek. Operazioa Mike Pompeo AEBetako Estatu idazkariaren eta Yossi Cohen Mossad Israelgo zerbitzu sekretuen buruak elkarrekin antolatu zutela ere esan zuen, eta, horretarako, bilera bat izan zutela Washingtoneko kafetegi batean, astelehenean.

Karguaren azken egunetan da Pompeo, baina ez horregatik geldirik, eta Joe Biden AEBetako presidente hautatuaren agintaldiaren hasiera baldintzatu dezaketen zenbait erabaki hartzen ari da azken egunotan. AEBen atzerriko politiketan eta herrialdeak Iranekin duen harreman diplomatiko zailean eragina izan dezakete Israelen xiiten aurkako oldarraldiak nahiz AEBek Yemengo huti mugimendu xiita «talde terrorista» izendatu izanak.

Inguru lehiatua

Israelek hiru astean egin duen laugarren bonbardaketa izan zen atzokoa, eta aurtengo bigarrena. Iragan ostegunean, Siria hegoaldeko zenbait puntutara misilak jaurti zituen, orduan ere Al-Assaden armadaren eta haren aliatuen aurka. 11 lagun hil, eta beste 11 zauritu ziren.

Ekialderago jo zuen atzo Israelek. Siriak Irakekin muga egiten du han, eta bertan dago Deir ez-Zor probintzia, basamortua nagusi den inguru batean. AEBetako soldaduek kontrolatzen dute bi herrialde horien arteko errepidea, miliziano suniten laguntzarekin, baina AEBak beren tropak pixkanaka erretiratzen ari dira inguru horretatik, eta Tel Aviv beldur da hura Iranen gotorleku bilakatuko ote den.

Estatu Islamikoak ere sartua du muturra inguruaren gaineko kontrola lortzeko borroka horretan. Sirian izan zuen azken eremu kontrolatua izan zen Deir ez-Zor talde islamistarentzat, baina 2017an haren jabe egin zen Siriako armada, tropa errusiarrek lagunduta. Hala ere, Estatu Islamikoaren itzala handia da probintzia horretan oraindik, eta indarra hartzeko imintzioak egin ditu azkenaldian. Jihadistek Siriako armadaren eta haren aliatuen aurkako zenbait eraso egin dituzte azken urtean, eta urte berriarekin ere izan dira halakoak. Iragan asteburuan, esaterako, miliziano xiitei eraso egin zieten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.