Gobernabidea zaildu zaio Borisovi, Bulgariako bozak irabazi dituen arren

Lehen ministroaren GERB alderdiak boto galera handia izan du, eta 25 legebiltzarkide galdu ditu. Ustelkeriaren aurkakoak hazi egin dira

Boiko Borisov Bulgariako lehen ministroa botoa ematen, atzo. EFE.
Julen Aperribai.
2021eko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Hauteskundeen aurretik inkestek iragarritakoa bete egin da, gutxi-asko, Bulgarian, baina legebiltzarraren osaketan zundaketek aurreikusitakoa baino aldaketa handiagoa izango da, orain arteko emaitzak datozen egunetan berresten badira —ostegunean emango dituzte behin betiko emaitzak—. Botoen %87 zenbatuta zeudela, hauteskunde batzordeak atzo jakinarazi zuen Boiko Borisov lehen ministroaren GERB Bulgariaren Garapen Europarrerako Hiritarren alderdiak lortu duela babes gehien: botoen%25 eskuratu ditu.

Espero zen Borisoven alderdiaren garaipena, baina emaitzek erakutsi dute babes handia galdu duela herritarren artean. Ustelkeria akusazioak eta pandemiaren kudeaketaren inguruko kritikak gainean izan ditu, eta, hark arreta herrialdean sustatu duen eredu ekonomikoan jarri badu ere, handia izan da auzi horien itzala. Datu ofizialek oraindik ez dute argitu legebiltzarkideen banaketa zein izango den, baina herrialdeko telebista kateek aurreratu dute 70 inguru izango lituzkeela GERBek, emaitzak baieztatuz gero; hots, orain dituena baino 25 gutxiago. Urrun izango luke gehiengo absolutua, horrenbestez, 121 parlamentariren babesa behar baita hori lortzeko, eta parlamentuan eserlekuren bat lortu duten gainerako sei alderdietatik lauk aurreratu baitute ez dutela Borisov babestuko.

Gobernabidean izan ditzakeen zailtasunen jakitun, kontsentsua lortzera bideratutako mezu bat eman zuen Borisovek igandean, artean emaitzarik ez zenean: «Bakezkoa,,k egin behar ditugu: osatu dezagun gobernu teknokrata bat,, eta pandemiari aurre egiteko erantzukizuna har dezagun abendura arte, gauzak hobetu daitezen». Halaber, lehen ministroak adierazi zuen nekatuta dagoela erantzukizuna berak izateaz, baina oposizioko alderdiakgobernatzeko gai ez direla izango esan zuen, «esperientzia,taldea eta nazioarteko babesa» falta baitzaie.

Babesik handiena lortu duena ez bada ere, hauteskundeetako garaile nagusia ITN alderdia izan dela nabarmendu dute hedabide gehienek. Botoen %18,7 —47 parlamentari— lortu ditu Slavi Trifonov musikari eta aktoreak berriki sortutako alderdiak, eta agerian utzi du horrek iazko udan oligarkiaren eta elite politikoaren arteko lotura salatzeko izandako protesten eragina. Izan ere, protesta horien testuinguruan sortu zen ITN. Klientelismoan oinarritutako eta oligarkia handiek gidatutako sistema politiko bat nagusi da Bulgarian, alderdi horrek salatu izan duenez, eta sare horren sinbolo nagusitzat dauka Borisoven gobernua.

Zaku berean sartzen du BSP Bulgariako Alderdi Sozialista, ordea, eta horrek eragozten dio orain arte GERBen aurkari nagusia izan den BSPrekin akordioa egitea. Hain justu, alderdi horren kaltetan hazi da ITN, hein handi batean, eta kolpea jaso du BSPk; 48 parlamentari izango ditu, eta 80 izan ditu orain arte. Abstentzio altuak —%52— gehien jo duen alderdia da, analista politiko askoren ustetan.

Babes berriak behar

Gobernua osatzen laguntzeko egindako eskariaz bizpahiru egunez hausnartzeko eskatu zien Borisovek gainerako indar politikoei, baina zaila izango du berari jarritako betoak babes bihurtzea. DPS Eskubideen eta Askatasunen Aldeko Mugimenduaren, gutxiengo turkiarraren alderdiaren, babesa ezinbestekoa izan zaio azken legealdian, baina alderdi horrek eskuratuko dituen 29 edo 30 parlamentarien sostenguarekin ere ez luke gobernatzeko modurik izango oraingoan. Ezta aliatu izan duen eskuin muturreko VMRO alderdia alde izango balu ere, zeina parlamentutik kanpo gera baitaiteke, horretarako beharrezkoa den %4ko babesa ez eskuratuta.

Gehiengo egonkor bat osatzeko zailtasunak oposizioak ere badituela izan daiteke Borisoven kontsolamendua. ITN ez da izan iazko protestek hauspotuta hazi den indar bakarra. Hala egin dute Bulgaria Demokratikoa alderdi liberalak eta Altxa, Bulgaria! Mafiosoak kanpora! zentro-ezkerrekoak; 29 eta 13 parlamentari lortu dituzte, hurrenez hurren. Bi horiek ITNrekin koalizioa osatu eta BSPk aliantza hori ez oztopatzea da aukera posibleenetako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.