Sri Lankako presidenteak gobernu berri bat izendatuko du asteon

Estatuburuak konstituzio erreforma agindu du parlamentuari botere handiagoa emateko. Etxeratze agindua gaur arte luzatu dute, istiluengatik

Polizia indarren kontrol bat, atzo, Kolonbon. CHAMILA KARUNARATHNE / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Sri Lankan etxeratze agindua ezarria zegoen herenegun, baina, herrialdean pairatzen ari diren krisi sozioekonomikoaren aurka protesta egiteko eta gobernua horren aurrean edukitzen ari den jarrera salatzeko, herritarrek kalean segitu zuten. Denda batzuk erre zituzten Kolonbo hiriburu komertzialean, eta su eman zioten Mahinda Rajapaksa lehen ministro ohiaren seme baten hotel bati, esaterako. Horiek horrela, Gotabaya Rajapaksa presidente eta gobernuburuak atzo iragarri zuen gobernu berri bat izendatuko duela aste honetan, eta konstituzioaren erreforma bat bultzatuko duela parlamentuari botere handiagoa emateko.

Herritar askok Rajapaksa familia egiten dute Sri Lanka nozitzen ari den egoeraren erantzule: ustelkeria egozten diote, eta Gotabaya Rajapaksaren dimisioa eskatzen dute. Astelehenean haren anaia Mahindak eman zuen dimisioa, eta ondoren gobernuaren aldekoen eta kontrakoen artean izandako istiluetan zortzi pertsona hil ziren, eta 200 inguru zauritu. Hain zuzen, Kamal Gunaratne Defentsa idazkariak atzo jakinarazi zuen Mahinda Rajapaksa itsasontzi base batera eraman dutela, «segurtasunagatik». Asteleheneko istiluetan haren etxeari su ematen ahalegindu ziren gobernuaren aurkakoak, eta polizia indarrek eraikinetik atera zuten.

Twitter bidez, presidenteak herritarrei eskatu zien arrazen eta erlijioen arteko «harmoniarik eza» hauspotu nahi duten «ekintza subertsiboak» arbuiatzeko: «Tolerantzia, elkarbizitza eta neurritasuna sustatzea ezinbestekoa da». Ez zen argi geratu zergatik egin zuen ohartarazpen hori, baina etnien arteko borrokak ohikoak izan dira herrialdean. Biztanle gehienak (%73) sinhalarrak dira, baina mairu srilankarrak (%7,2), tamil indiarrak (%4,6), tamil srilankarrak (%3,9) eta beste ere badira.

Krisi ekonomikoak ekarri ditu eztanda soziala eta ezegonkortasun politikoa. Herrialdeak 50 bat milioi dolar —47 milioi euro inguru— besterik ez ditu erreserbetan, eta, orduan, inportazio gehienak eten dira, bai erregaien, bai elikagaien gabezia eraginez.

Indiaren hegoaldean dago Sri Lanka, Indiako ozeanoan, eta New Delhik herenegun jakinarazi zuen laguntza ekonomikoa eta humanitarioa emango diola Sri Lankari. Indiak, bide batez, ukatu egin zuen Sri Lankara tropak bidaltzen ari dela. Txinak ere laguntza emango ziola iragarri zuen duela bi aste, gobernuaren aurkako herritarren haserrea gero eta nabariagoa bilakatu zenean.

NDF

NDF Nazioarteko Diru Funtsak Sri Lanka erreskatatzea mahai gainean dagoen aukera bat da—kanpo zorraren ordainketa eten zuen gobernuak aurreko hilabetean—. Masahiro Nozaki NDFren Sri Lankarako misioaren buruak atzo adierazi zuenez, bilera telematiko batzuk hasi dituzte herrialdeko agintariekin «kontu teknikoez» hitz egiteko, eta bilkurek hilaren 23ra arte iraungo dute. Baina azpimarratu zuen behin data hori pasatuta Sri Lankan gobernu berri bat osatu ondoren helduko dietela atzera elkarrizketei. Presidenteak iragarritakoa betez gero, epea amaitu aurretik berrituko da gobernua.

Mahinda Rajapaksaren dimisioaren ondoren, herrialdean ez dago gobernurik. Presidentea oposizioko buruekin biltzekoa da gobernu berri bat osatze aldera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.