Albistea entzun

Eskoziako Gobernuak Alex Salmond salatu du, bi sexu eraso egitea egotzita

2013an etxeko langile gisa ziharduten bi emakumeri jazartzea egotzi diote lehen ministro ohiari. Akusatuak kereila jarri du salatzaileen aurka
Salmond BERRIA-ri emandako elkarrizketan, 2016an, Bilbon.
Salmond BERRIA-ri emandako elkarrizketan, 2016an, Bilbon. M. RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Itxaso Orbegozo Borda -

2018ko abuztuak 25

Eskoziako Gobernuko bi kidek herenegun gauean salaketa jarri zuten Alex Salmond lehen ministro ohiaren aurka, bi emakumeri sexu erasoak egitea leporatuta. Salmondek, atzo, albistea ezagutarazi bezain laster, kereila jarri zuen salaketaren aurka. 2013an, oraindik lehen ministro zela, etxeko bi langileri jazartzea egotzi diote, baina akusatuak ukatu egin du erasoak egin izana. «Auzitegi Gorenari kasua berraztertzeko eskatu diot. Hari dagokio ireki ditzaten prozedura judiziala legezkoa den erabakitzea», nabarmendu du Salmondek. Erabakia aurkakoa izanez gero, erantzukizunak eskatuko dizkio gobernuari.

Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak jarri zuen salaketa, alderdiko beste politikari batekin «barne ikerketa zorrotz» bat egin ostean. Urtarrilean hasi zuen ikerketa gobernuak, sexu erasoa salaketak aztertzeko, eta martxoan eman zioten ikerketaren berri lehen ministro ohiari. «Bi pertsonak eman ziguten Alex Salmonden sexu jazarpenen berri, eta gaia ministroekin eztabaidatu eta gero, 2017ko abenduan adostu genuen ikerketa zabaltzea», azaldu du Sturgeonek. Hala ere, ikerketaren gaineko informazio gehiago ez dutela argitaratuko esan du, epaileak erabakiren bat hartu arte. Salmondek «defendatzeko inolako aukerarik» ez eskaini izana egotzi dio gobernuari, eta uste du «egokiago» litzatekeela egoera modu «lagunkoiagoan» tratatu izan balitz. Lehen ministroa salaketa jartzeaz arduratu bazen ere, ikerketan parte hartu izana baztertu du, baina esan du ikerketaren berri bazuela. «Ez nuen ikerketaren buru izan nahi, bestelako erantzukizunak baditut, eta ikerketaren xehetasunak jakingo banitu, orain horiek ezagutarazteko konpromisoa izango nuke. Zorionez, ordea, ez dut», gaineratu du Sturgeonek. Leslie Evans Eskoziako Gobernuaren idazkari nagusiari mintzatu zaio Salmond, eta esan dio prozedura «bidegabea eta legez kanpokoa» dela. Evansen aginduetara daude Eskoziako 5.000 funtzionario, eta, Poliziaren lana gainbegiratzeaz gainera, Sturgeonen aholkularia ere bada.

Salmond Eskoziako lehen ministro izan zen 2007tik 2014ra. Eskoziako erreferendumeko emaitzak atera zirenean, biztanleen %55ek independentziaren aurka bozkatu zutenean, dimisioa eman zuen. Eskoziako Alderdi Nazionalistako kidea zen, eta independentziaren alde zegoen. Erreferenduma egiteko elkarrizketak ere berak eraman zituen aurrera, baina gehiengoak independentzia nahi ez zuela ikusita, dimisioa aurkeztu zuen. Sturgeonek ordezkatu zuen nola gobernuan hala Eskoziako Alderdi Nazionalistaren buruzagitzan. Delituak, beraz, oraindik karguan zela eginak izango lituzke.

Edinburgoko Bute House etxe ofizialean gertatu ziren salatu erasoak, 2013ko abenduan. Orduko lehen ministroaren etxeko bi langile ziren salaketaren arabera, sexu erasoak jasan zituztela. Sturgeonek ez du zehaztu gobernuari jazarpenen berri eman zietenak erasoak jasandako emakumeak izan ziren. Hala ere, sexu erasoen aurkako salaketa jartzera deitu ditu gobernuak erasoak jasan dituzten emakumeak , gertaeren «antzinatasuna», pertsonen «identitatea» edo «erasotzailearen lan postupolitikoa» dena delakoa izanda ere.

Politikarien sexu delituak

Alex Salmond ez da izan sexu delitu kasuen harira salatu duten politikari bakarra azken hilabete hauetan. 2017ko azaroaren hasieran Michael Fallon Erresuma Batuko Defentsa ministroa ere salatu zuten, 2002an Julia Hartley-Bewer kazetariari ukituak egitea leporatuta, baina ez zuten salaketarik jarri. Harvey Weinstein Hollywoodeko produktorearen sexu delituak argitaratu eta hurrengo aste eta hilabeteetan Erresuma Batuko politikari bati baino gehiagori egotzi zieten gisa horretako delituak egin izana «lanpostu politikoaz baliatuta».

Berriki, 2018ko uztailaren hasieran, Guatemalako presidente Jimmy Moralesi hainbat emakumeri eraso sexualak egin izana egotzi zion Edgar Gutierrez Atzerri ministroak. Jazarpena jasan zuten zenbait emakumerekin hitz egin zuela berretsi zuen ministroak, baina beldur zirela salaketa jartzeko. 2015ean, ordea, emakume batek salaketa jarri zuen Moralesen aurka, presidentegai zenean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Zaurituak.

5.000 dira oraingoz Ekialde Hurbileko seismoetan hildakoak

Arantxa Elizegi Egilegor - Mikel O. Iribar

Gau osoan zehar lanean jarraitu dute erreskate taldeek, baina toki askotan laguntzaren zain daude oraindik. Ohartarazi dute biktima kopurua handitu egingo dela datozen orduetan. Milaka dira kaltetuak, eta 20.000tik gora zaurituak. Erietxeak kolapsatuta daude.

«Herrialdearen historiako lurrikararik okerrena izan da hau»

«Herrialdearen historiako lurrikararik okerrena izan da hau»

Orsola Casagrande

Kurdistanen krisi mahaia eratu du HDP alderdiak, laguntza kudeatu eta kaltetutako eremuetara iristeko. Aterpeak lortzea da orain lehentasuna Sancarrentzat.

Greziako kostazainen ontzi bat, artxiboko irudi batean. ©HELLENIC COAST GUARD / EFE

Gutxienez hiru migratzaile hil eta hogeitik gora desagertu dira Lesbostik gertu

Mikel O. Iribar

Kostazainek hamasei pertsona erreskatatu dituzte. Bizirik atera direnen esanetan, haien ontzia haitzen aurka jo ostean hondoratu da.

Palestinar bat astelehenean Jeriko hirian izandako tiroketen arrastoei begira. ©EFE

Israelgo armadak adin txikiko palestinar bat hil du tiroz

Berria

Gazteak haien kontra tiro egin zuela adierazi dute armadaren iturriek. Urte hasieratik gutxienez 42 palestinar hil ditu Israelek.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.