Larunbat batzuetan lan egitea proposatu du VWek hirugarren autoa lortzeko

Lan txandak berrantolatzea eta fabrika ahalik eta egun gutxienetan ixteko ere eskatuko die sindikatuei. Datorren asterako nahi du erantzuna

Volkswagenen lantegia, Iruñeko Landaben industrialdean. JESUS DIGES / EFE
Iker Aranburu.
2019ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Lan gehiago eskainiz lortu nahi du Iruñeko Volkswagenek hirugarren modeloa. Horregatik, zuzendaritzak proposatu die sindikatuei langileek larunbatetan beren borondatez lan egin ahal izatea, eta lan txandak eta atsedenaldiak ekoizpen beharretara egokitzea. Langileen erantzunadatorren asterako nahi du. Fabrikako sindikatu nagusiak, UGTk, esan du proposamena gustuko duela, baina hobetu daitezkeen atal batzuk badituela.

Iruñeko VW beste hiru lantegirekin ari da lehian auto berri bat egiteko: Martorellekin (Katalunia), Bratislavarekin (Eslovakia) eta Txekiar Errepublikan Skodak dituenetako batekin. Modeloaren izenik ez du jakinarazi enpresak, baina bai noranahikoaren eta auto arruntaren arteko ibilgailu bat izango dela (CUV edo Crossover Utility Vehicle), eta Poloren plataforma erabiliko duela.

Landabenek bi modelo egiten ditu orain: Polo, 1984az geroztik, eta T-Roc, iaztik. Hirugarren modelo bat lortzea oso garrantzitsua dela ziurtatu du zuzendaritzak: «Beste alternatiba bat izango luke [Landabenek], eta, hortaz, ekoizpen egonkorragoa, eta segurtasun gehiago enpleguan eta geure etorkizunean». Gainera, auto berri horrek noizbait bertsio elektriko bat izan dezakeenez, «auto elektrikorako zubia» izango litzateke. Oraingoz, Alemanian bildu du VWek ekoizpen elektriko guztia.

Zuzendaritzak sindikatuei egin dien proposamenak sei atal ditu. Lehenengo hirurak 2019ko ekoizpen programa betetzeari lotuta daude, eta lan hitzarmenean aipatzen den lanaren antolaketa malguari dagozkio. Horien artean dago langileek larunbat batzuetan beren borondatez lan egitea, eta eguneko atsedenaldien ordua aldatu ahal izatea. Gainera, lan txanda bat uztailetik abuztura eraman nahi du zuzendaritzak.

Beste neurriak lehiakortasuna handitzeko proposatu ditu VWeko zuzendaritzak. Egunean 1.438 auto egitea da helburua, orain baino 30 gehiago, eta, horretarako, «beharrezkoa balitz», lan txanden eta atsedenaldien aldaketa negoziatu beharko lukete bi aldeek.

2016an, T-Cross modeloa lortze aldera, lanaldia luzatzea eta langile sartu berriei gutxiago ordaintzea onartu zuten langileek. Beste baldintzetako bat izan zen lan hitzarmen luze bat egitea, eta hori ere lortu zuen. Otsailean, sei urterako lan ituna sinatu zuten zuzendaritzak eta langile batzordean gehiengoa duten sindikatuek —UGTk, CCOOk eta CCPk—. Itunetik kanpo geratu ziren ELA, LAB eta CGT. Hauteskunde sindikaletan, langileek ildo hori babestu zuten, bi ordezkari gehiago eman zizkietelako sinatzaileeieta bi gutxiago kritikoei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.