Lanbide arteko itunaren sinatzaileak eta FEADRS aurrez aurre, Bilbon

Sindikatuek eta Confebaskek euskal ituna babestuko dute Espainiako patronalaren aurrean

Talde handientzako sukalde batean lanean. BERRIA.
xabier martin
2019ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Ohiz kanpoko gertaera bat egongo da gaur LHK Lan Harremanen Kontseiluan: CEOE Espainiako patronaleko kide bi mahaiaren alde desberdinetan kokatuko dira, Confebask lanbide arteko esparru akordioaren sinatzaile delako eta hura salatu duelako FEADRS sukaldaritza alorreko patronalak. Bilboko batzarrean izango dira 2017an esparru akordio historikoa egin zuten sindikatu guztiak ere, goizeko hamaiketan hasita. Tramiteko urrats bat besterik ez da bilera euskal hitzarmenak Espainiakoen aurretik jartzeko akordioa judizializatzeko bidean. Kontziliazio saio bat egitera behartzen du legeak FEADRS, baina sindikatuek ez dute inolako adostasunik espero, sukaldaritza kolektiboko patronal espainiarrak argi utzi baitu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere Espainiako ituna aplikatu nahi duela; UGTrekin adostu zuen orain hilabete batzuk haren indarraldia luzatzea.

Batez ere hezkuntza eta osasun arloan otorduak ematen jarduten duten hainbat enpresari eragingo lieke sektore arteko euskal akordioaren balizko baliogabetze batek, batik bat Eurest, Sodexo eta Serunion enpresei. Oraindik goiz da saio horren arrakastarako aukerak aurreikusten hasteko, baina aldagai bat argi dago: Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako ostalaritza akordioak Espainia mailako itun batek ordezkatuko balitu, kalte handia egingo lieke sukaldaritza kolektiboko enpresetako beharginei; lan baldintzak, eta bereziki soldatak, nabarmen okertuko lirateke haientzat, betiere Eurestek, Sodexok eta Serunionek langileen baldintzak apaltzeko abagunea aprobetxatuko balute. Edonola ere, patronalaren ekinak garbi uzten du zein den enpresen asmoa.

Auzolagunek, Gipuzkoan, esate baterako, lurraldeko hitzarmena dauka oinarri lan baldintzak ezartzeko, nahiz eta akordio hori erorita dagoen. Lurralde horretako merkatuaren gehien-gehiena Auzolagunen esku dago. Bizkaian eta Araban egon daitezke arazo gehiago, enpresa handiek Espainiakoaren alde egin dezaketelako, bietan ostalaritzaren itun probintziala egon arren; iraganean hala aritu dira Eurest, Sodexo eta Serunion.

FEADRSen bigarren saioa

FEADRS patronalak eragin du lan harremanen estatalizazioaren auzia bere gordinean erakusten duen sestra, eta ez da berria zeregin horretan, patronal horrek lanbide arteko esparru akordioa inpugnatzeko beste saio bat egin baitzuen 2018ko hasieran. Apirilerako uko egin zion bide horri, ordea. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari jakinarazi zion ofizialki uko egiten ziola salaketari. Tartean Euresten eta ELAren arteko akordio bat egon zen. Sindikatuak deitutako greba bertan behera geratu zen, eta Eurestek lortu zuen FEADRS patronala atzera egitea itunaren salaketan. Epaiketaren bezperan bertan behera geratu zen prozesua.

Sindikatu abertzaleen artean, ika-mika handia eragin zuen auzi horrek: LABek esan zuen ELAri ez zegokiola protagonismo hori sektorean, Euresten ELAk bezainbesteko ordezkaritza daukala, eta Sodexon eta Serunionen, gehiago. EAE mailan kolektibitateen sektoreko negoziazio esparru bat abiarazteko lanean dabil LAB, eta horren alde borrokatzen jarraituko duela esan berri du. ELAk, berriz, iragarri du «tresna guztiak» baliatuko dituela «esklaboen enpresak» egon ez daitezen sektorean. Salatu du horietako batzuk administrazioarentzat ari direla azpikontrata gisa, eta Jaurlaritzari esan dio lanbide arteko esparru akordioa babesteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.