Etiopiak bihar arteko epea eman dio Tigrayko TPLFri amore emateko

Armada federalak dio Mekelle hiriburua inguratzeko mugimenduak hasi dituela. NBEk zibilak babesteko eskatu die herrialdeko agintariei

Milaka herritarrek Sudanera egin dute ihes Tigraytik. LENI KINZLI / EFE.
Arantxa Elizegi Egilegor - Ander Perez Zala
2020ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Etiopiako Gobernuak beste ultimatum bat eman dio iparraldeko Tigray eskualdeko TPLF Tigray Askatzeko Herri Fronteari: biharko amore eman dezala, eta armak utz ditzala. Tigrayko hiri nagusietako bat, Adigrat, armadaren kontrolpera pasatu eta ordu gutxira egin zuen ohartarazpena Abiy Ahmed Etiopiako lehen ministroak, herenegun. Hiri hori eskuratuta, armada federala Tigrayko hiribururantz abiatu da, Mekellerantz, eta iragarri dute hiria inguratzea dela euren asmoa, baita herritarrei aholkatu ere beren burua babesteko. TPLFk biharko ez badu amore ematen, Abiyek erasoaldiaren «azken fasea» abiatuko du.

Armadako eledun Dejene Tsegayeren esanetan, tankeekin inguratuko dute hiria. «Herritarrei eskatzen diegu babesteko beren burua artilleria erasoetatik eta aldentzeko matxinoengandik. Erasoaldia hasi ondoren, ez da izango errukirik», ohartarazi zuen atzo. TPLFren buruzagi Debretsion Gebremichaelek, berriz, ukatu egin zuen armada federala Mekelle inguratzen ari denik, horren ordez tropak elkartzen ari direla argudiatuta, azken egunetan izandako porrot militarren ondorioz.

Tigrayko hiriburuan milaka iheslari eta giza laguntzaile daude, eta horien segurtasunaz kezkatuta agertu da NBE Nazio Batuen Erakundea. NBEko Etiopiarako arduradun Catherine Sozik atzo eskatu zuen berma dezatela haien segurtasuna: «525.000 zibil bizi dira Mekellen. Horrez gain, oinarrizko azpiegiturak ere hor ditugu: ospitaleak, ur sistemak, eskolak...». Auzi horretaz, Etiopiako Gobernuak jakinarazi zuen NBEren agentziekin hitz egin duela korridoreak sortzeko.

Gerra hasi zenetik, 40.000 lagun inguruk egin dute ihes Sudanera, eta, kopuru ofizialik ez dagoen arren, milaka herritar hil dituztela uste da; Reuters berri agentziari egindako adierazpenetan, bizirik ateratakoek matxeteen erabilera eta aire erasoak deskribatu zituzten Tigrayn.

Testuinguru horretan, eta garaipena gertu duelakoan, Etiopiako Gobernuak adierazia du ez duela Tigrayrekin negoziatuko erasoaldia amaitu arte, baina Afrikako Batasunak elkarrizketarako bideak ireki nahi ditu, eta, horretarako, hiru presidente ohi bidaliko ditu herrialde horretara: Joaquim Chissano Mozambikekoa, Ellen Johnson Sirleaf Liberiakoa eta Kgalema Motlanthe Hegoafrikakoa. Abiyen gobernuak, ordea, adierazi zuen ezingo dutela gerra eremua bisitatu, eta soilik haiekin bildu ahalko direla.

Erasoaldia, hilaren 4tik

Etiopiako lehen ministroak hilaren 4an eman zuen Tigrayren aurkako operazioaren berri, argudiatuta TPLFk armada federalaren base bati eraso egin ziola; Etiopiako Gobernuak salatu zuen Tigrayn egiten ari ziren ekintza «oldarkor eta ilegalak» konstituzioa eta ordena konstituzionala «arriskuan» jartzen zutela, baita herrialdearen subiranotasuna mehatxatzen ere. Etiopiako lehen ministroak erasoaldi «azkar bat» hitzeman zuen, baina ia hiru aste pasatu dira harrez geroztik.

Talde etniko nagusiak tentsio handiko botere lehian bizi dira Etiopian. 1991tik, TPLF gobernu nazionalean egon zen, harik eta 2018an EPRDDF Etiopiako Herriaren Fronte Iraultzaile Demokratikoa koalizio gobernuak agintari berria izendatu zuen arte: Abiy.

Izan ere, lehen ministroak Oparotasunaren Alderdia sortu zuen, eta EPRDDF frontea amaitutzat jo. Koalizioa osatzen zuten alderdi etniko guztiak batu ziren erakunde berri horretara, TPLF izan ezik. Haustura horretaz geroztik, tentsio nabarmena izan da Tigrayren eta gobernu nazionalaren artean.

Berez, aurtengo abuztu amaieran ziren hauteskundeak egitekoak Etiopian, baina gobernuak horiek atzeratzea erabaki zuen, COVID-19aren pandemiak sortutako egoera dela medio. Tigray eskualdean, berriz, bai, han egin zituzten parlamenturako bozak, iragan irailean, herrialdeko lehen ministroari pultsu argia botaz. Etiopiako Gobernuak legez kanpokotzat jo zuen bozketa, eta tentsioa areagotu egin zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.