«Diplomazia aro berri bat» hasi nahi du Bidenek, fokua Asia ekialdean jarrita

AEBetako presidenteak ukatu egin du Txinarekin «beste gerra hotz bat» hasi nahi duela, Nazio Batuen Erakundeko bazkideen aurrean

Joe Biden AEBetako presidentea, Nazio Batuen Erakundearen Batzar Orokorrean, atzo. EDUARDO MUÑOZ / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko irailaren 22a
00:00
Entzun
«Inflexio puntu batean» ikusten du historia Joe Biden AEBetako presidenteak, eta uste du datorren hamarkada «erabakigarria» izango dela. Hala esan zuen atzo Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusian, AEBetako presidente moduan erakunde horretan egindako lehen hitzaldian. Donald Trump haren aurrekoarengandik bereizten ahalegindu zen Biden, nazioarteko komunitateari eskua luzatuz eta nazioarteko erakundeetan parte hartzeko bere gobernuak duen prestasuna goratuz.

Harremanak berrartzetik harago kokatu zuen iraganarekiko haustura, ordea. Bere gobernuak datozen urteetan lehentasun izango dituen gaiez aritu zen, eta irudikatu nahi duen aro berriak politika aldaketa bat ere esan nahi duela azaldu zuen. Klima krisia, botere globalean gertatzen ari diren aldaketak, teknologia berriak, klima larrialdia eta «terrorismoaren» mehatxua aipatu zituen, besteak beste, etorkizuneko erronken artean. Modu horretan defendatu zuen bere burua aspaldian haren ustezko bazkideek egin dizkioten kritiketatik. Afganistandik tropak erretiratzeagatik jasotakoak hizpide hartuta, Bidenek esan zuen AEBak ez direla 2001eko herrialde bera, eta gaur egun «askoz prestatuago» daudela «mundu mailako terrorismoaren mehatxuari» aurre egiteko. Halakoen aurrean erantzuteko eskubidea aldarrikatu zuen, baina, aldi berean, adierazi zuen esku hartze militarrak lehentasuna ez direla izango, eta kasu bakan batzuetan soilik egingo dituztela: «Argiak eta egingarriak» direnean.

Erresuma Batuarekin eta Australiarekin Txinari aurre egiteko Aukus aliantza militarrean bat egiteagatik ere hartu diote kargu Bideni berriki. Joan den astean aurkeztu zuten hitzarmena, eta kezka sorrarazi du handik kanpo geratu diren Mendebaldeko aliatuen artean, datozen urteetan lehia ekonomiko eta militar nagusia izango denetik at geratzeko arriskuan ikusi baitute euren burua. Charles Michel Europar Kontseiluko presidenteak «gardentasun eta leialtasun falta» leporatu zion atzo bertan, eta Trumpekin parekatu zuen: «Harekin, gutxienez, oso argi zegoen EB ez zela bazkide eta aliatu erabilgarria».

Haserrea are handiagoa izan da Frantziaren kasuan. Izan ere, aliantzaren berritasun nagusia da AEBek Australiari lagunduko diotela propultsio nuklearra izango duten itsaspekoak eraikitzen. Eliseoak milioi askoko akordio bat egina zuen Australiako Gobernuarekin, eta hamabi itsaspeko egingo zizkiola jasotzen zuen kontratu horrek. Bertan behera geratu da, ordea, aliantza militar berriaren ondorioz.

Asian indar militarren presentzia areagotzeak izan ditzakeen arriskuengatik ere jaso ditu ohartarazpenak Bidenek. Gai horri heldu zion atzoko hitzaldian, baina ez zuen Txina zuzenean aipatu. Hala ere, nabarmendu zuen AEBen asmoa ez dela «beste gerra hotz batera» edo «bloke zurrunen artean banatuta egongo den mundu batera» gerturatzea. «AEBak prest daude, aurrera urrats bat egin, eta erronka partekatuei irtenbide baketsu bat emateko prest dagoen edozeinekin lan egiteko, baita beste gai batzuetan desadostasun handiak baditugu ere», esan zuen. «Diplomazia aro berri bat» zabaldu nahi duela azaldu zuen, behin Afganistandik erretiratu eta «iraganeko gerrak» atzean utzita.

Arerio politikoekin ere hitz egiteko beharra herrialde guztiak elkarri konektatuta daudela eta geroz eta konektatuago daudela esanez argudiatu zuen AEBetako presidenteak: «Porrot egiten badugu, ondorioak guztiok pairatuko ditugu». Pandemiarekin hala gertatu dela adierazi zuen, eta hurrengo izurriterako irakaspen gisa baliagarria izatea nahi duen galdera bat utzi zuen airean: «Elkarrekin egingo dugu lan bizitzak salbatzeko, COVID-19a leku guztietatik erauzteko eta etorriko den hurrengo pandemiarako prestatzeko, ala ez ditugu ditugun erremintak aprobetxatuko?»

Erakunde multilateralen defentsa ere egin zuen Bidenek, etaAEBak horietara itzuli direla azpimarratu zuen: «Osasunaren Munduko Erakundearekin konpromisoa dugu berriz ere; Covaxekin estuki ari gara lanean mundu osoko bizitzak salbatuko dituzten txertoak emateko; Parisko Akordiora batu gara berriz; eta NBEren Giza Eskubideen Batzordean aulkia hartzeko hautagaiak gara».

Kooperazio bertikala

Lankidetzarako eskua luzatu zuen Bidenek, bai, baina une oro argi utziz lankidetza nork gidatzea nahi duen. Azpimarratu zuen AEBak lidergoa hartzen ari direla pandemiaren eta klima larrialdiaren gisako auzietan.

Puntu horretan aritu zen hitzaldi osoko zehatzen Biden, iragarri baitzuen bere gobernua Kongresuarekin lanean ari dela, krisi klimatikoari aurre egiteko «garatze bidean dauden herrialdeei» bideratutako diru saila bikoizteko. 2024rako 11,4 mila milioi dolarreko —9.720 milioi euro— ekarpena egin nahi du, helburutzat jarrita mundu osoan herrialde horietara bidaliko den dirua 85.270 milioi euro izatera iristea. Kantitate horretara iaz iristeko hitza eman zuten aurrez herrialde garatuenek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.