AEBetako epaile batek ebatzi du preso bat legez kanpo dutela Guantanamon

Asadullah Haroon Gul afganiarrak hamalau urte daramatza preso gune horretan. Magistratu federal batek defentsaren 'habeas corpus'-a onartu du

Guantanamoko atxilotze gunearen aurkako protesta bat, 2019an. EFE.
Igor Susaeta.
2021eko urriaren 23a
00:00
Entzun
AEBetako epaile baten arabera, hango gobernuak ez dauka oinarri juridikorik gizon afganiar bat Guantanamoko atxilotze zentroan (Kuba) preso edukitzeko. Washingtongo epaile federal Amit P. Mehtak ebatzi du, horrenbestez, legez kanpokoa dela Asadullah Haroon Gulen atxiloketa. 2007an hartu zuten atxilo Jalalabaden (Afganistan), kargurik gabe, eta epaileak gobernuaren argudioak atzera bota ditu, eta defentsaren habeas corpus eskaera onartu. Epaiaren xehetasunak sekretupean dauden oraingoz, baina Tara Plochocki atxilotuaren abokatuetako batek ohar baten bidez adierazi duenez, «garaipen garrantzitsua da legea ezartzeko bidean ». Gainera, uste du modu horretan AEBetako Gobernuari gogorarazten zaiola mugak daudela «segurtasun nazionalaren izenean» egin dezakeenaren inguruan.

Reprieve AEBetako GKE gobernuz kanpoko erakundeak Gul lagundu du, eta nabarmendu du atxilotua izan eta ondorengo bederatzi urteetan Washingtonek ukatu egin ziola abokatu bat edukitzeko aukera, nahiz eta horretarako ahaleginak egin zituen. 2016an eskaera bat aurkeztu zuen haren defentsak Washingtongo auzitegi federal batean, argudiatuta haren atxiloketa legez kanpokoa zela.

Oraindik ez dute aske utzi, baina, haren abokatuaren esanetan, epaileak emandako agindua gauzatu eta «berehala» askatu beharko luke AEBetako Gobernuak, «konstituzioak agindutakoari jarraiki».

The Washington Post egunkariak kaleratutako informazioaren arabera, ordu hartan Al-Qaedaren aliatu zen talde paramilitar baten kide zen Gul atxilotu zutenean —Gulek, ordea, ukatu egiten du—. Talde hark bakea egin zuen Mendebaldeak babestutako Afganistango Gobernuarekin 2016an, eta Afganistango kartzeletan zeuden ehunka militante aske utzi zituzten.

2001eko irailaren 11ko erasoen ondoren zabaldu zuten Guantanamo, 2002an, «atzerriko susmagarriak» hara eramateko. Hango preso dezentek torturak salatu dituzte. Garai batean 700 preso zeuden, baina gaur egun 50 bat daude. Barack Obamak agindu zuen itxi egingo zuela, eta Joe Bidenek gauza bera egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.