Frantziako ezkerra bozetan batera aurkezteko negoziazioak eten ditu PSk

Sozialistek ez dute baztertzen Frantzia Intsumisoarekin aurkeztea, baina Melenchonen alderdiari eskatzen dio «pluraltasuna» onartzea

Jean-Luc Melenchon, presidentetzarako bozen gauean. MOHAMMED BADRA / EFE.
Igor Susaeta-Edu Lartzanguren
2022ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Frantziako Asanblea Nazionalerako bozak egitekoak dira ekainaren 12an eta 19an, eta ezkerreko alderdiak elkarren artean hitz egiten ari dira horietarako hautagaitza bateratu posible bat osatzeko. Baina solas horiek katramilatu egin dira. PS Frantziako Alderdi Sozialistak atzo goizean agiri baten bidez adierazi zuen bere egiten zituela Jean-Luc Melenchonen LFI Frantzia Intsumisoa alderdiaren programako puntu nagusiak. France Info Frantziako irrati publikoak eta BFMTV telebista kateak ordu batzuk geroago jakinarazi zutenez, ordea, sozialistek negoziazioak «eten» zituzten, argudiatuta Melenchon buru duen mugimenduak «logika hegemoniko oro» hautsi behar duela, eta «pluraltasuna» onartu behar duela. «Une honetan ez dugu bermerik», adierazi zuen Olivier Faure sozialisten idazkari nagusiak, bi hedabide horien arabera.

Presidentetzarako bozetan Melenchon izan zen gehien bozkatutako hautagaietan hirugarrena, botoen %22 eskuratuz. Politikariak Frantziako ezkerraren lidergoa hartu du, eta ez du ezkutatzen parlamenturako hauteskundeen ondoren lehen ministro izatea gustatuko zitzaionik. Beraz, hautagaitza bat bateratzeko, aldebiko elkarrizketak sustatu ditu EELV Europa Ekologia-Berdeekin, sozialistekin eta PCF Frantziako Alderdi Komunistarekin. Horren harira, Julien Bayou EELVren idazkari nagusia baikor mintzatu da France 2 telebista katean, eta iruditzen zaio «laster» lortuko dutela akordio bat LFIrekin.

Puntu nagusiak

Ezkerreko lau alderdi horietan gehien bozkatuetakoen artean bigarren hautagaia EELVkoa izan zen (%4,6), hirugarrena PCFkoa (%2,2), eta laugarrena PSkoa (%1,75). Sozialistek inoiz izandako emaitzarik txarrena izan zen, eta PS erakundeetatik desagertzeko zorian legoke.

Etena gorabehera, PSk nabarmendu du bere egin dituela LFIren programako puntu nagusiak. Horien artean daude gutxieneko soldata 1.400 euro garbira igotzea, erretretako adina 60 urtera jaistea, plangintza ekologikoa azkartzea, VI. Errepublika deklaratzea, eta Europako Batasuneko «hainbat arau» aintzat hartzea.

Melenchonek baldintza bat jarri zion PSFri negoziazioetan sartzeko: programako puntu nagusiak onartzea. Sinbolo gisa, Maiatzaren Leheneko ekitaldietarako eduki nahi dute akordioa prest, hau da, iganderako. Baina oraindik ez dago ezer sinatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.