Albistea entzun

Itsaspeko nuklear mota berri bat garatuko du AUKUS aliantzak

AEBen, Erresuma Batuaren eta Australiaren helburua da Txinak Asia hego-ekialdean eta Ozeanian duen gaitasun militarrari aurre egitea. Txinak eta Errusiak erabakia kritikatu dute

Igor Susaeta -

2023ko martxoak 15

Garrantzi militar eta geopolitiko nabarmeneko akordio bat lortu dute AEBek, Erresuma Batuak eta Australiak; hau da, AUKUS aliantzako hiru herrialdeek: adostu dute propultsio nuklearreko itsaspeko mota bat garatzea. Hori da, hain zuzen, Asia hego-ekialdean eta Ozeanian Txinak duen presentziari kontrapisua egiteko 2021eko irailean martxan jarritako egitasmoak orain arte eman duen pausorik argiena. San Diegon (AEB) egin zuten iragarpena, atzo goizaldean —herenegungo arratsaldea han—, AEBen armadaren ontzidiak Ozeano Barean duen base militar nagusietako batean. Ekitaldian parte hartu zuten Joe Biden Etxe Zuriko maizterrak, Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministroak eta Anthony Albanese Australiakoak.

Adierazpen bateratu batean zehaztu zutenez, prozesuaren amaieran, Australiak eta Erresuma Batuak propultsio nuklearreko SSN-AUKUS itsaspeko berriak egingo dituzte, AEBen teknologia baliatuta. Bidenek azaldu zuenez, 65 urtean lehen aldiz, beren itsaspeko nuklearren teknologiari buruzko informazioa emango dute.

Hasteko, Australiak Virginia motako propultsioko hiru itsaspeko erosiko dizkie AEBei 2030eko hamarkadan, eta beste bi erosteko aukera izango du, gainera. Horietako bakoitzak 3.200 milioi euro inguru balio du.

Erresuma Batuak propultsio nuklearreko zazpi itsaspeko ditu orain, baina, adostu dutena aintzat hartuta, berriek horiek ordezkatuko dituzte, eta asmoa da hemeretzi ontzi nuklear edukitzea. Sunakek azaldu zuenez, helburua da, batetik, hiru armadek gaitasuna edukitzea batzuen zein besteen ontziak erabiltzeko, eta, bestetik, horretarako teknologia partekatzea. Downing Streeteko 10. zenbakiko ugazabak ohartarazi zuen, bide batez, «Txinaren asertibitate gero eta handiagoa» eta Iranen eta Ipar Korearen jokabide «ezegonkorra» munduarentzako «mehatxu bat» direla.

Itsaspeko arrunten aldean, zeintzuek diesel erregaia baliatzen duten funtzionatzeko, erreaktore nuklear batek propultsatzen ditu iragarritakoak, eta denbora gehiago iraun dezakete ur azalera atera gabe. AEBek, Errusiak, Txinak, Erresuma Batuak, Frantziak eta Indiak badituzte jada propultsio nuklearreko itsaspekoak.

IAEAren iragarpena

Iazko otsailean batzartu zirenean, Xi Jinping Txinako presidenteak eta Vladimir Putin Errusiakoak adierazi zuten kezka sortzen ziela AUKUSek, eta atzo, aliantzako herrialdeen iragarpenaren ondoren, antzera mintzatu ziren Pekin eta Mosku. Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaile Wang Webinek agerraldi batean azaldu zuen erabakiak kalte egingo diela eskualdearen «egonkortasunari eta bakeari», eta «arma lasterketa bat» elikatzeko soilik balioko duela.

Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek auzitan jarri zuen AUKUSekoen asmoa, eta Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak nabarmendu zuen «urte askotarako gatazka baterako» oinarriak ezartzen ari dela «mundu anglosaxoia», NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea Asiarantz hedatzearekin.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Clara Ponsati Europako diputatu agiria erakusten atxilotu duten eskuadrako mossoei, gaur, Bartzelonan . ©Quique Garcia / EFE

Clara Ponsati Bartzelonara bueltatu da, eta atxilotu egin dute

Edu Lartzanguren - Igor Susaeta

«Pablo Llarena epaileak eurodiputatua atxilotzeko agindua emana du, desobedientziarengatik epai dezaten Espainiako Auzitegi Gorenean. «Ikusiko dugu zer egiten duen Auzitegi Gorenak neure itzuleraren inguruan». Defentsak 'habeas corpus' eskaera bat egin du

Humza Yousaf, atzo. ©EFE

Yousaf SNPko lider berria Eskoziako lehen ministro aukeratu dute

Igor Susaeta

Adierazi du SNPk egindako «promesei» eutsiko diela, eta «nekaezin» jarraituko duela independentziaren alde borrokatzen.

Protesta bat Manilan, iazko Giza Eskubideen Nazioartko Egunean. / ©FRANCIS R. MALASIG, EFE

Azken urtean giza eskubideen urraketak ugaritu egin direla salatu du AIk

Arantxa Elizegi Egilegor

Amnesty International gobernuz kanpoko erakundeak urteroko txostena plazaratu du. Bertan salatu du nazioarteak oso jarrera desberdina hartzen duela gatazka gertatzen den tokiaren arabera, eta Ukraina eta Palestina jartzen ditu adibide gisara.

Israelgo Gobernuaren erreforma judizialaren kontrako manifestazio bat, atzo, parlamentuaren parean. ©Abir Sultan, EFE

Israelgo presidenteak «berehalako elkarrizketa prozesu bat» galdegin du

Gorka Berasategi Otamendi - Mikel O. Iribar

Protesta gehiago izan dira gaur goizean, lehen ministroak atzo iragarri arren erreforma judiziala etengo duela behin-behinean. Herzogen negoziazio taldea opozisioko Lapid zentristarekin eta Gantz liberalarekin biltzekoa da gaur. 

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.