Milaka etxe hustu dituzte Filipinetan Taal sumendia piztu ostean

Agintariek hondamendi egoera izendatu dute sumendia dagoen Batangas probintzian

Taal sumendiaren erupzioak soroturiko ke zutabea. MARK R. CRISTINO / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun

Igandean piztu zen Filipinetako Taal sumendia, eta alarma guztiak abiarazi zituen atzo, laba botatzen hasi zenean; jada 24.500 lagun baino gehiago atera dituzte etxetik. Phivolcs Filipinetako Bolkanologia eta Sismologia Institutuak laugarren maila eman dio larrialdiari, batetik bosterako eskala batean. Horrek esan nahi du erupzio arriskutsua berehalakoa izango dela, eta hamalau kilometroko erradioan dauden biztanleak etxetik ateratzeko aholkatzen dute. Gainera, Filipinetako agintariek hondamendi eremua izendatu dute sumendia dagoen Batangas probintzia.

Erupzioak hamar kilometro garai den ke zutabe bat eragin zuen, eta inguruko eremuak errautsez estalita geratu ziren, baita Manila hiriburua ere, handik 60 kilometrotara dagoena. Horren aurrean, Osasun departamenduak kalera ez irteteko gomendatu zuen. Egoerak, baina, okerrera egin dezake: aintzira baten erdian dago sumendia, eta agintariak beldur dira erupzioak tsunami bat eragingo ote duen. Renato Solidum Phivolcs-eko zuzendariaren arabera, laba botatzen hasteak ez du esan nahi Taal sumendia «leherketa arriskutsu» baten fasean sartu denik. Hala ere, ez du aukera hori baztertu. Bestalde, jatorri bolkanikoa duten ehunka lurrikara erregistratu dituzte egunotan; horietatik 32 intentsitate handikoak izan dira.

Goraka doa etxetik atera behar izan dutenen kopurua, eta gainditu du dagoeneko 24.500 lagunen langa. Gehienak Batangas probintziakoak dira, eta horietako 2.000 Taal sumendiaren magalean bizi dira, aintziraren erdiko uhartean. Herritarrek 76 larrialdi gunetan hartu dute babes.

Sumendi aktiboa

Ozeano Bareko Suzko Eraztuna deiturikoan daude Filipinak; lurrikara eta sumendi jarduera asko dago gune horretan. Bada, Filipinetako sumendirik aktiboenetariko bat da Taal. 1572. urtetik gaur egunera arte, osotara 33 aldiz izan du erupzioa. Horietatik bi dira nabarmendu beharrekoak, ondorio eta kalte esanguratsuak eragin zituztelako: lehena, eta larriena, 1911. urtean jazo zen, eta 1.300 lagun hil zituen; 1965. urtean izandakoak, berriz, berrehun lagun hil zituen. 1977. urtean piztu zen azkenekoz.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.