Elecnorreko langileek akordioa lortu dute, 38 egunez greba egin ostean

Iaz abiatu zituzten mobilizazioak, eta azken hilabetean ez dute lanik egin. Soldatak igotzea eta behin-behinekotasuna murriztea lortu dute

Elecnorreko langileek duela bi aste eginiko protestaldi bat. JUANAN RUIZ / FOKU.
jokin sagarzazu
2020ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Elecnor enpresako langileek amaitu egin dute duela hilabete pasa abiatutako greba mugagabea, enpresarekin akordio bat eginda. Besteak beste, soldatak igotzea lortu dute —100 eta 350 euro artean—, behin-behinekotasuna murriztea, bulegoetako langileen egoera hobetzea, eta langile batek azken hamasei urteotan jasan zuen diskriminazioa amaitzea.

Telefonicaren azpikontrata da Elecnor, eta telefono konpainiaren gailuak instalatzeaz eta mantentzeaz arduratzen da. Arabako langileek egin dute greba. Sindikatuek salatu zuten enpresak beharginei lan baldintzak hobetzea ukatu ziela azken urteetako irabaziek gora egin arren; 28 milioi euroren etekinak izan zituen 2018an, eta, 2019an, 57,1 milioiko mozkin garbia izan zuen.

Langileek irailean ekin zieten protestei, eta, azarora arte, bost greba egun egin zituzten. Urte amaieran berriz hasi zituzten mobilizazioak, eta azken 38 egunetan greba mugagabean egon dira. LAB sindikatuak langile borrokaren garrantzia azpimarratu du, eta Elecnorreko beharginen «konpromisoa eta tinkotasuna» goraipatu. «Xantaia eta presioei aurre eginez, eta asko borrokatu ondoren, lortu da Elecnor enpresa handia Gasteizko tailer txiki horrekin hitz egitera esertzera behartzea, erraza izan ez den arren».

LABek salatu egin du enpresak negoziazio prozesuan izan duen jarrera. Azaldu duenez, langileekin batzartzea saihestu du, komunikazioak posta elektroniko bidezko mezu eta telefono deietara mugatu ditu, eta aurrez aurreko hiru bilera baino ez dituzte egin; horietako bi, aste honetan. «Beste behin ere argi geratu da patronalak ez digula ezer oparituko, eta eskubideak borrokatu egin behar direla. Langileen mobilizazioa gakoa da horretarako», azpimarratu du.

Siemens Gamesa

Siemens Gamesako UGTk eta CCOOk jakinarazi dute enpresako zuzendaritzarekin akordio bat egitea lortu dutela enplegua erregulatzeko dosierra saihesteko eta kaleratze «ez-traumatikoak» adosteko; besteak beste, erretiro aurreratuen bidez eta pizgarrien bidezko kaleratzeekin. Horiek nola gauzatu aztertzeko, irailera arteko epea jarri dute. Iazko azaroan, enpresak jakinarazi zuen asmoa zuela 109 langile kaleratzekoZamudion (Bizkaia), Sarrigurenen (Nafarroa) eta Madrilen dituen egoitzetan; 600 inguru mundu osoan. UGTko ekintza sindikaleko idazkari Mikel Tapiak azaldu duenez, Euskal Herriko eta Espainiako ordezkaritzetan 30 kaleratze inguru izango dira azkenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.