Mugimendu feministak ohartarazi duenez, konfinamendu garaian zaila da indarkeria matxistaren berri izan eta hura salatzea, baina kasuak egon badaude. Joan den larunbatean salatu zituzten bi eraso, bata Beriainen (Nafarroa) eta bertzea Balmasedan (Bizkaia). Bi kasuetan, gizonezkoek euren neska lagunak jo dituzte etxean, eta Poliziak atxilotu egin ditu gizonezkoak. Balmasedan atxiloturikoa aske utzi dute epailearen aitzinean deklaratu ondotik. Beriaingoa, berriz, Iruñeko espetxean da.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu duenez, genero indarkeriagatik atxilotu zuten larunbatean 31 urteko gizonezkoa Balmasedan, haren neska lagunari fisikoki eraso egiteagatik. Beriaingo erasoa ere larunbatean gertatu zen, erasotzailea eta erasoa jasan zuen andrea bizi ziren etxean: emakumeak 17:15 inguruan deitu zuen Foruzaingora mutil lagunak jo egin zuela salatzeko, eta foruzainak indarrez sartu behar izan ziren etxebizitzan, gizona atxilotzeko. Emakumeak lesioak zituen gorputzean.
Salatzeko, eltze jotzea
Balmasedako Mariorratz talde feministak lapiko jotzera deitu zuen herrian gertaturiko eraso matxistaren aurka: 14:00etan atera ziren leiho eta balkoietara erasoa salatzeko, igandean.
Beriaingo eta Balmasedako erasoekin, gutxienez hiru dira jada joan den asteburuan salaturiko eraso matxistak. Hain zuzen, Barakaldon (Bizkaia) ere salatu zuen sexu eraso bat joan den ortziralean neska gazte batek. Gizonezko bat atxilotu zuen Ertzaintzak, baina epailearen aitzinetik pasatu ondotik aske utzi zuten. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak erasoak gaitzetsi ditu.
Bi gizon atxilotu dituzte Beriainen eta Balmasedan, indarkeria matxistagatik
Larunbatean atxilotu zituzten biak, euren neska lagunak jotzeagatik, etxean. Balmasedan balkoietatik egin zuten protesta, igande eguerdiz

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu