Bruselak errieta egin dio Marokori migratzaileak presio egiteko ibiltzeagatik

Europako Parlamentuak ebazpen bat onartu du, eta bertan kritika egin dio Rabati, Ceutako migratzaileen afera politikoki erabiltzen saiatzeagatik

Marokotik iritsitako migratzaileak Ceutako hesiaren parean; horietako batzuk, uretan. JALAL MORCHIDI / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko ekainaren 11
00:00
Entzun
Duela hiru aste milaka migratzaile Ceutara iritsi izanaren ardura Marokoren bizkar utzi du Europako Parlamentuak. Ganberako talde parlamentario nagusiek—popularrek, sozialistek, liberalek eta berdeek— ebazpen bat adostu dute aste honetan, eta bertan Marokori leporatu zioten «mugako kontrolak, migratzaileak eta, bereziki, bakarrik doazen haurrak Europako Batasuneko estatu kide baten aurka presio politikoa egiteko» erabili izana. Ebazpena eztabaidagai izan zuten atzo, osoko bilkuran, eta babesa eman zioten ondoko bozketan. Aldeko 397 boto jaso zituen, aurkako 85, eta 197 abstentzio.

NBE Nazio Batuen Erakundeak haurren eskubideei buruzko hitzarmenean jasotakoaren inguruan ardaztu zuten taldeek ebazpena. «Haurren, adingabeen eta familien» erabilera gaitzesten du testuak, eta horien «bizitzak eta segurtasuna arriskuan» jarri zirela nabarmentzen. Era berean, «erabateko elkartasuna» agertzen die Ceutako herritarrei, eta zehazten du haiek izan zirela, gobernuz kanpoko erakundeekin, Espainiako segurtasun indarrekin eta armadarekin batera, «benetako tragedia bat» eragotzi zutenak.

Brahim Gali Fronte Polisarioaren burua eta SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidentea Espainiako ospitale batean artatu ostean sortutako tirabira diplomatikoek eraman zuten Marokoko Gobernua migratzaileei Ceutarako bidea irekitzera, Europako Parlamentuaren arabera. Migrazio krisiaren arrazoi nagusitzat hori jo arren, Mendebaldeko Saharako okupazioaz Bruselak duen jarrera orain arteko bera dela zehazten du ebazpenak: «Nazioarteko legediaren erabateko errespetua, NBEren Segurtasun Kontseiluan oinarrituta». Gatazka horretan Espainiako Gobernuak duen posizioarekin bat egiten du parlamentuak onartutako testuak. Madrilen eta Rabaten artean krisia areagotu izana «deitoratzen» du, baina azpimarratuz horrek ez lukeela «arriskuan jarri» behar bi herrialdeen arteko harremana.

Hala ere, Espainiaren eta Marokoren arteko harremanaz aritzean, azken horren eta Bruselaren artekoaz ere ari da. Izan ere, ebazpenak oroitarazten du EBren kanpo muga bat dela Ceuta, eta, horrenbestez, haren babesa eta segurtasuna berari dagozkiola.

Espainiako alderdien ekimenez eraman dute eztabaida Bruselara, eta, batez ere, Ciudadanos alderdiko Jordi Cañas eurodiputatua izan da bultzatzailea. Atzoko eztabaidan ere, bera izan zen Marokok mugak zabaldu izanaren kontra irmoen hitz egin zutenetako bat. «Haurrak itsasora jaurtitzea ez da politika egiteko modu bat», adierazi zuen, eta «xantaia» egin izana egotzi zion Rabati. Are, duela 46 urte Mendebaldeko Sahara inbaditu zuen Martxa Berdearekin parekatu zuen migratzaileek Ceutaraino egindako bidea.

Hark bultzatutako ekinbideari ganberako gainerako talde parlamentarioek beren testuak kontrajarri zizkioten, eta horien arteko negoziaziotik sortu da amaierako ebazpena. Edonola ere, denak bat zetozen Maroko krisi migratorioaren erantzule egitearekin eta herrialde horrek egindakoak EBko muga politika hausten zuela esatearekin.

Aurrez aurrekoaren bila

Bi aldeko gatazkatzat duena «europartu» izana egotzi dio Marokoko Gobernuak Espainiari, eta azken egunotan ahaleginak egin ditu eurodiputatuak ebazpena bozkatzera irits ez zitezen. EBk eta Marokok osatutako batzorde parlamentarioko presidente Cahoui Belassalek gutun bana bidali zien hainbat eurodiputaturi, «Europako Batasuna modu okerrean inplikatzeko» saiakera kritikatuz.

Herenegun, Nasser Burita Marokoko Atzerri ministroak ohartarazi zuen krisia «ez zela amaitu» ekainaren 1ean, Galik Espainia utzi zuen egunean. «Krisia hor dago, erroko arrazoiek bere horretan dirautelako», abisatu zuen. Haren ministerioak ohar bat argitaratu zuen maiatzaren 31n, eta bertan zehazten zuen bi herrialdeen krisiaren arrazoia ez zela Espainiak Galiren aurka egin ez izana, baizik eta Mendebaldeko Saharako gatazkarekiko Madrilek duen posizioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.