Gutxiengoen giza eskubideak urratzeaz akusatu du AIk Pekin

Xinjiango musulmanen aurkako eraso «sistematikoak» egin ditu Txinak, GKE horren arabera. Ehunka barneratze zentro izatea leporatu dio

Uigurrei elkartasuna adierazteko mobilizazio bat, Istanbulen. SEDAT SUNA / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Xinjiango Uigur Eskualde Autonomoko uigurren, kazakhen eta beste hainbat gutxiengo etnikoren —nagusiki musulmanak— «giza eskubideen aurkako krimenak» egin izana leporatu dio AI Amnesty Internationalek Txinako Gobernuari. Gobernuz kanpoko erakunde horren arabera, Pekinek milaka —«agian milioi bat edo gehiago»— herritar atxilotu, barneratze eremuetan giltzapetu eta torturatu ditu. Zentroen helburua etniek «euren erlijioa eta hizkuntzak uztea» eta «propaganda» ikastea litzateke, AIk azaldu duenez.

Praktika mota hori 2017. urtetik martxan jarritako plan baten ondorio dela uste du AIk. Ordutik, etnien aurkako jazarpena etengabea izan dela adierazi du, eta «terrorismoaren aurkako borrokan» argudio hartuta «muturreko neurri errepresiboak» hartu dituela Xi Jinping presidentearen gobernuak.

AIren esanetan, Txinako Gobernuak ehunka barneratze zentro ditu Xinjiang probintzian, non torturak eta tratu txarrak «sistematikoak» diren. Haietatik igarotako 50 lagun ingururi eginiko elkarrizketen ostean, erakundeak txosten batean argitaratu du, besteak beste, deskarga elektrikoak, bakarraldiak, elikagai eta ur eza, lo eragotzia eta muturreko tenperaturak jasan dituztela atxilotuek. Ez soilik zentro horietan, baita polizia etxeetan ere. Gainera, atxiloketa askoren atzean legez kanpokoak ez diren ekintzak daudela adierazi du, hala nola gai erlijiosoen inguruko margolanak izatea edota atzerriko jendearekin hitz egitea.

Zentro horietan atxilotuen bizitza «zeharo arautua» dagoela adierazi du Amnesty Internationalek: «Ez zuten ez intimitaterik, ez autonomiarik, eta zigor gogorrak jasaten zituzten garrantzirik gabeko desobedientziengatik». Horien artean, txineraz ez hitz egitea aipatzen du. Izan ere, erakundearen arabera, zentroen helburua «hezkuntza behartua» ematea da.

Horren atzean «euren tradizio erlijiosoak, praktika kulturalak eta hizkuntzak» uztera behartzeko asmoa dagoela nabarmendu du AIko idazkari nagusi Agnes Callamardek. Haren arabera, Pekinen helburua «Alderdi Komunistaren eta nazio txinatar laiko eta homogeneoaren» ideia txertatzea da: «Infernu distopiko bat sortu dute».

Halere, zentroetako egoera ez da salaketaren oinarri bakarra. Xinjiangekoa «munduko zaintza sistemarik sofistikatuena» da, eta hango biztanleria musulmana, «munduko zelatatuena», gobernuz kanpoko erakundearen esanetan, eta barneratze eremuak horren «zati bat» besterik ez dira. Izan ere, zaintza hori ez da amaitzen barneratze eremuetatik aterata. AIk azaldu duenez, hurrengo hilabeteetan ere «jazarpen ia une orokoa» jasaten dute; «hainbat hilabetez, zaintza elektroniko eta pertsonala dituzte gainean».

«Ondorioz, herritar gehienek errezatzeari eta islamaren adierazgarri diren sinboloak erabiltzeari utzi diote», azaldu du erakundeak. Hala, praktikan Korana, errezatzeko alfonbrak eta antzeko tresnak debekatuta daudela salatu du.

Askatasun eskaria

Txinako Gobernuak «munduko giza eskubideen krisirik larriena» ezkutatzeko «ikaragarrizko ahalegina» egin du, Callamarden esanetan: «Egoera salatzen dutenak mehatxatu edota atxilotu egiten dituzte». Hala, Pekini exijitu dio «zentroak berehala ixteko», «musulmanen aurkako erasoei amaiera emateko» eta desagertuta dauden milaka herritarrak aske uzteko. Izan ere, erakundeak uste du horietako asko barneratze eremuetan daudela, eta beste hainbat, espetxe zigorrak betetzen.

Era berean, nazioarteko komunitateari kritikatu dio «ezer gutxi» egin izana, eta Txinaren «opakutasunari» aurre egiteko eskatu dio: «Batera lan egin behar du zentzugabekeria honi behingoz amaiera emateko». NBE Nazio Batuen Erakundeari, berriz, ikerketa independente bat irekitzeko exijitu dio, «krimenen egileek kontu eman dezaten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.