Gipuzkoako Ogasuneko buru ohiari zazpi urteko espetxe zigorra jarri diote

Epaimahaiak frogatu du enpresentzako zerga erregimen berezia baliatu zuela bere intereserako. 1,6 milioi itzuli beharko dizkio Ogasunari

JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
jokin sagarzazu
Donostia
2020ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Espetxera joan beharko du Victor Bravok, 1995etik 2003ra Gipuzkoako Ogasuneko zuzendari izandakoak. Donostiako Zigor Epaitegiak zazpi urteko kartzela zigorra jarri dio, hiru delitu fiskal egiteko beharrezko kolaboratzailea izatea leporatuta —zigor bakoitzarengatik bi urte eta lau hilabetekoa—. Fiskaltzak sei urteko espetxe zigorra eskatu zuen, eta Espainiako Estatuaren abokatuak, bederatzikoa. Horrez gain, 3,2 milioi euroko isuna ordaindu beharko du, eta 1,6 milioi euro itzuli beharko dizkio Ogasunari.

Bravoren bazkide Fernando Isidoro Gonzalez Enfedaqueri, berriz, hiru urteko kartzela zigorra jarri diote guztira —akusazioek lau urte eta erdi eskatu zituzten—. Eta milioi eta erdiko isuna ordaindu beharko du. Era berean, biek galdu dute hiru urtez laguntza publikoak lortzeko aukera eta onura edo pizgarri fiskalak edo Gizarte Segurantzakoak jasotzeko eskubidea.

Iazko irailean epaitu zituzten. Epaimahaiak frogatutzat eman du Foru Ogasuneko zuzendari izan zen garaian hasi zela Bravo tratu pribilegiatua ematen Glass Costa bere merkataritza-sozietateari—2001ean sortutakoa— eta harekin lotutako beste batzuei, eta horrek, gerora, aukera eman ziola 2003, 2004 eta 2006ko ekitaldietan zergetan 1,6 milioi euro inguru ez ordaintzeko. Hain justu, 2003. urtean jarri zuen EAJk Espainiako Senaturako zerrendetan, eta aukeratua irten zen; Gipuzkoako Ogasuneko zuzendari kargua utzi ondorengoak lirateke, beraz, egotzitako delituak.

Epaimahaiaren arabera, Bravok baliatu zuen foru aldundiak 1996an Enpresak Sustatzeko Sozietateentzat (ESS) sortutako zerga erregimen berezia. Glass Costaren egoitza fiskala Gipuzkoan ezarri zuen, abantaila fiskal nabarmenak eskuratzeko, nahiz eta herrialdean jarduerarik ez izan. Eta onura horiek lortu zituen egoitza berean erregistratu ziren Gipuzkoa kanpoko beste hainbat enpresa eta norbanakoentzat ere. Glass Costak, berez, Cambrilsen (Herrialde Katalanak) zeukan jarduera nagusia: hotelen eta higiezinen negozioan aritzen zen.

EAJ jopuntuan

Fiskaltzak salaketa jarri eta hamar urte geroago iritsi da epaia.2007an abiatu zuen ikerketa; garai hartan, EAJren kudeaketarekin lotutako beste kasu batzuk azaleratu ziren, hala nola Balentziaga auzia —Mariano Camio Getariako alkate ohiari zigortu zuten—, eta, geroago, De Miguel auzia —Alfredo De Miguel, Aitor Telleria eta Koldo Otxandiano EAJren Araba Buru Batzarreko burukide ohiak zigortu zituzten iaz, beste hamabi pertsonarekin batera—.

Halaber, Victor Bravoren izena azaldu zen haren anaia Jose Maria Bravoren aurkako auzian. Gipuzkoako Ogasunak Irunen duen ordezkaritzaren buru zela, Jose Maria Bravok hainbat urtez bereganatu zituen harengana jo zuten hainbat enpresak Ogasunari zor zioten dirua. Gaur egun, espetxean dago, 11 urteko zigorra betetzen.

Bravo anaien kasuak aztertzeko bi ikerketa batzorde osatu zituzten batzar nagusietan. Bietan ondorioztatu zuten, Ogasuneko kontrol neurriek huts egin zutela, eta nahieran aritu zirela Bravo anaiak. Victor Bravori egotzi zioten 90eko hamarkadaren bigarren erdian Gipuzkoako Ogasunean eginiko iruzur kasuen erantzukizun osoa.

Bi auzi horiengatik seinalatu zuten kargudun politiko ia bakarra izan zen Bravo; Antton Market Ogasun diputatu ohiaren jarduna ere kritikatu zuten, baina ez zuten erantzukizun penalik antzeman. Hiru ahaldun nagusi ohik deklaratu zuten ikerketa batzordeetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.