Kosovoko presidenteak dimisioa eman du, gerra krimenen akusazioagatik

Kosovorako Auzitegi Bereziak berretsi ditu akusazioak. Thacik errugabetzat jo du bere burua

Hashim Thaci Kosovoko presidentea, atzo emandako prentsaurrekoan. EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Hashim Thaci Kosovoko presidenteak dimisioa eman zuen atzo, Kosovorako Auzitegi Bereziak gerra krimenengatik inputatu duela berretsi ostean. 1998 eta 1999 urteetan Serbiako indarren aurka UCK Kosovo Askatzeko Armadaren buruzagi moduan izandako rolarengatik egotzi dizkiote karguak. Hain zuzen, Kosovorako Auzitegi Bereziko Fiskaltzak Thaci presidenteari gerra krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak leporatu zizkion ekainean, hainbat tortura, jazarpen eta desagertze kasuren eta ehun pertsonaren hilketaren erantzule izatea egotzita, eta instrukzio epaileak akusazio horiek berretsi ditu. Thaciren dimisioa dela eta, Vjosa Osmani Kosovoko Parlamentuko presidenteak hartuko du bere tokia. Konstituzioaren arabera, behin-behinean sei hilabete egin ditzake karguan.

«Ez dut onartuko auzitegian presidente gisa agertzea, eta gaur [atzo] emango dut dimisioa, estatuaren osotasuna babesteko», esan zuen estatuburuak. Thacik iragarri zuen Hagara joango dela, Kosovorako Auzitegi Bereziaren egoitzara, borondate propioz bere burua entregatu eta gorte horren aurrean bere errugabetasuna defendatzeko. Ez zuen horretarako data zehaztu.

Thacik Kosovoko alderdi politiko guztiei «zuhurtziaz» jokatzeko eskatu zien, herrialdean krisi instituzionalik ez sortzeko, eta lasaitasunerako deia egin zuen: «Gaur inoiz baino gehiago eskatu eta animatzen zaituztet itxaropena ez galtzera. Askatasuna eta independentzia lortu ditugu, eta orain estatua garatzen ari gara». Justiziarekin lankidetza osoa izango duela jakinarazi zuen gerrillari ohiak, eta errugabea dela berretsi. «Inputazio batek ere ezin du historia desitxuratu», gaineratu zuen.

Kosovok 2008an aldarrikatu zuen independentzia, aldebakarrez, eta hainbat estatuk onartzen dute haren subiranotasuna, tartean Europako Batasuneko herrialde gehienak. Serbiak, aldiz, ez du estatu gisa aitortzen. Aurtengo uztailean negoziazio mahaira itzuli ziren bi herrialdeak, euren arteko harreman diplomatikoak hobetzeko asmoz.

Kosovoko Auzitegi Berezia UCK-k Kosovoko gerran egindako ustezko delituak epaitzeko sortutako auzitegia da. Thaciri egindako akusazioaren ostean, gobernuak adierazi zuen«UCKren askatasunaren aldeko borroka justuan sakonki sinesten» duela, eta azpimarratu jarrera hori «inork ezin duela epaitu».

Fiskaltzak kargu berak aurkeztu zituen Kosovoko Alderdi Demokratikoko buru Kadri Veseliren kontra, eta haren aurkako akusazioa ere berretsi dute.

Bestalde, atzo jakinarazi zuten Eulex Kosovorako EBren misioko polizia talde batek Jakup Krasniqi parlamentuko presidente ohia atxilotu zuela asteazkenean, hain zuzen, gerra krimenak eta gizateriaren kontrako krimenak egotzita. Hagara eraman zuten, baina ez zituzten haren aurkako akusazioak argitu.

Erreakzioak

Balkanetako herrialdeen artean, Albania izan zen aurrena auzitegiaren erabakiari erantzuten. Edi Rama lehen ministroak babesa eman zion Thaciri, eta haren aurkako prozesua «zentzugabea» dela esan zuen. Jelena Sesar Amnesty Internationaleko Balkanetarako ikertzaileak, berriz, adierazi zuen prozesamendua itxaropenerako arrazoi bat dela Kosovoko gerrako «milaka biktimentzat». Haren arabera, Thaciren aurkako akusazioek erakusten dute goi kargudunak ez daudela legearen gainetik, eta justiziari bidea ireki zaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.