Herbehereetako Gobernuak dimisioa eman du, eskandaluak eraginda

Seme-alabengatik jasotako diru laguntzen iskanbilaren ondorio izan da erabakia. Martxoaren 17ko bozak egin arte egongo da jardunean

Mark Rutte Herbehereetako lehen ministroa, atzo goizeko Ministroen Kontseilura heltzean. BART MAAT/EFE.
Maria Ortega Zubiate
2021eko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Seme-alabengatik jasotako diru laguntzetan egindako «iruzurrak» eztanda egin dio Herbehereetako Gobernuari: dimisioa aurkeztu zuten atzo Mark Ruttek eta haren ministroek. Orain arte indarrean egondako koalizio gobernuko lau alderdietatik hiruk zuten zerikusia eskandaluarekin, eta ia astebete eman zuten erabakia eztabaidatzen Ministroen Kontseiluan. Jakina zen Rutte boterea mantentzearen aldekoa zela, baina gainontzeko alderdien iritzia gailendu zen atzoko bileran, eta gobernuak boterea uztea erabaki zuen. Dena den, ez zuen hauteskunderik deitzeko asmorik azaldu, eta martxoaren 17ra arte jardungo du; orduan izango baitira hauteskundeak herrialdean.

Herbehereetako egoera politikoa gori-gorian egon da joan den hilabetean, iazko abenduan diputatuen batzorde batek txosten batean salatu eta gero gobernuak «iruzur» egin ziela 20.000 familiari. Txosten horretan azaltzen zen seme-alabengatik jasotako diru laguntzak bueltarazi zizkiela laguntza jaso zuten familiei, «akatsak» argudiatuta. Askotan, izapideren bat edo sinaduraren bat falta zelako, laguntza osoa bueltatzera derrigortzen zituzten: kasu batzuetan 20.000 eurora artekoak.

Horrez gain, herritartasun bikoitza duten 11.000 herritar ingururi ezohiko kontrolak egin zizkietela ere azaleratu zuen txostenak, Herbehereetako Konstituzioak hori debekatzen badu ere. Neurri «arrazistatzat» jo dute askok, laguntza horiek jasotzen zituzten familia gehienak atzerritarrak zirelako, eta biktimek gehitu dute horren ondorioak larriak izan direla. Haietako askok zioten jada erabili zutela dirua, eta kredituak eskatu behar izan zituztela dirua bueltatu ahal izateko.

Gobernuaren etorkizuna kinka larrian bazegoen ere, egoerak okerrera egin zuen herenegun, Lodewijk Asscher Alderdi Laboristako buruak dimisioa eman eta gero. Izan ere, oraintsu arte oposizioko kide bazen ere, Asscher lehen ministrorde eta Gizarte Gaietako eta Enpleguko ministro izan zen 2012tik 2017ra bitarte, «iruzurrak» gertatu zirenean, hain zuzen ere.

Asscherrena ez zen izan dimisio pertsonal bakarra, ordea: Eric Wiebes Ekonomia ministroak ere kargua uztea erabaki zuen atzo, gobernuak bere erabakia jakinarazitakoan. Izan ere, Wiebes zergen departamentuko burua izan zen txostenak salatutako «iruzurrak» gertatu zirenean, eta kritika gogorrak jaso ditu.

Kritikez harago joan da zenbait ministroren aurkako salaketa: aste honetan bertan jakinarazi dute kaltetutako hogei familiak legezko prozedurak jarri dituztela martxan egungo eta aurreko gobernuko bost ministroren aurka; horien artean daude Wiebes eta Asscher. «Zabarkeria kriminala» leporatzen diete.

Etorkizun motza

Asteartetik zebilen bileretan Rutteren gobernua. Ministroen ezohiko kontseilua deitu zuten orduan, baina dimisiorik ez aurkezteko erabakia hartu zuten. Rutte bera zen horren aldekoa, agintea mantendu nahi baitzuen,«koronabirusari aurre egiteko». Dena den, gobernuaren akabera herrialdeko politikari askoren jomugan zegoen, ez bakarrik oposiziokoenean. Izan ere, koalizio gobernuko zenbait kidek esana zuten jada eskandaluak «ondorio politikoak» izan behar zituela: D66 alderdiko Sigrid Kaagek, kasurako.

Oposizioak ere begi onez ikusi du erabakia, eta «saihetsezina» zela adierazi. «Momentu honetatik aurrera ongizate estatua sortzen hasiko gara berriz, eta sortuko dugun estatuko gobernuak konfiantza osoa izango du herritarrengan», adierazi du Jesse Klaver GroenLinks oposizioko alderdiko buruak.

Hain zuzen ere, atzoko bileraren ostean dimisioa ez emateko erabakia hartu izan balu, zentsura mozio bati egin beharko ziokeen aurre Ruttek. Izan ere, GroenLinks alderdiak urtarrilaren 19an gobernuaren aurkako galdeketa egiteko asmoa zuen parlamentuan. Alderdi Sozialistaren eta eskuin muturreko Askatasunerako Alderdiaren babesa zuen eskaerak: parlamentuko 150 eserlekuetatik 44rena, baina beste alderdietako diputatuen baiezkoa izatea aurreikusten zuten, oposiziokoena eta gobernukideena.

Dena den, oraindik ikusteko dago ea Ruttek boterea behin betiko utziko duen; izan ere, inkestek aurreikusten dutenaren arabera, martxoko hauteskundeetan bere alderdia —Askatasunaren eta Demokraziaren aldeko Alderdi Popularra— da oraindik babes gehien izango duena. Hori beteko balitz, bere laugarren agintaldia izango litzateke, 2010etik baitago gobernuaren gidaritzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.