Rebelo de Sousak aise irabazi ditu Portugalgo presidentetzarako bozak

Botoen %61,2 izan dira hautagai kontserbadorearentzat, eta bost urtez jarraituko du estatuburu. Hamarretik lauk bakarrik eman dute botoa

Marcelo Rebelo de Sousa Portugalgo presidentea, emaitzak jakin osteko agerraldian, igandean. MARIO CRUZ / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Bigarren eta azken legealdia ziurtatu du Marcelo Rebelo de Sousa Portugalgo presidente hautatuak, eta oinarri sendoarekin helduko dio bost urteko kargu berrituari, botoen %61,2 eskuratuta. Bete egin da, beraz, inkestek aurreikusten zutena; irabazletzat jotzen zuten hautagai kontserbadorea, eta zalantza nagusia bigarren itzulirik izango ote zen jakitea zen, parte hartze txikiaren eraginez. Ez da halakorik izango, nahiz eta %60,5eko abstentzioa izan den, urteetako handiena.

Presidente hautatuak mezu bateratzaile bat zabaldu nahi izan zuen emaitzak jakin osteko agerraldian, eta, haren bozkatzaileei ez ezik, herritar guztiei zuzendu zitzaien. Adierazi zuen «Portugaldar guztien presidente» izateko borondatea duela, eta pandemia izan zuen hizpide: hain justu, hauteskundeak baldintzatu, eta abstentzioa gehiengo historikoetara eraman duen faktorea. «Gure lehen eginkizuna pandemiaren aurkako borroka izango da», nabarmendu zuen. Rebelo de Sousaren esanetan, «Portugalgo herritarrek argi utzi dute ez dutela pandemia nahi, ezta krisi amaigabe bat ere; ez sistema politiko motel bat eta ez muturreko jarrerarik. Gehiago eta hobeto bizi nahi dute». Aitzitik, nabarmendu zuen portugaldarrek nahi eta behar dutena «egonkortasuna eta gertutasuna» direla.

Bigarren tokian geratu zen Ana Gomes hautagaia, botoen %12,97 eskuratuta —PS Alderdi Sozialistako kidea izan arren, ez du izan alderdiaren babesik—. Bozak egin aurreko astean inkestek iragartzen bazuten ere Gomesek bigarren itzulira joateko adina babes eskuratuko zuela, azkenean ez zen halakorik gertatu. Kontu hori dela-eta, atsekabetuta agertu zen, baina nabarmendu zuen lortu dutela eskuin muturrari aurrea hartzea eta presidentearen alternatiba izan zedin galaraztea.

Bozen oso bestelako irakurketa egin zuen Chega alderdi ultraeskuindarreko hautagai Andre Venturak, botoen %11,90 lortu ostean. Garaipentzat jo zuen Venturak lortutako emaitza, eta nabarmendu herritarrek «eskuina babestu» eta «ezker muturra zapaldu» dutela. Botoen %4,3 eskuratu ditu Alderdi Komunistako Joao Ferreirak; %3,94, Ezkerreko Blokeko Marisa Matiasek, eta %3,22, Iniziatiba Liberaleko Tiago Mayan Gonçalvesek. Ventura harro agertu zen hiru horien emaitzak batuta baino babes handiagoa jaso izanaz, nahiz eta ez den iritsi helburutzat jarritako %15eko babesera. Ondorioz, adierazi du prest dagoela militanteen esku uzteko alderdiaren lidergoan jarraituko duen edo ez erabakitzea.

Ezkerreko sektoreetan kezkaz hartu dute eskuin muturraren gorakada, Portugalgo politikagintzan izan dezakeen zeresanaren adierazletzat hartu baitute. «Datozen urteetan ez da Chega gabeko gobernurik izango», ohartarazi zuen Venturak. Alderdi nagusien kudeaketarekiko herrialdean dagoen desadostasuna kapitalizatzen saiatu da Chega, eta ezkerreko alderdien oinarrietara jo du. Modu horretan, emaitza onak lortu ditu ezkerrarentzat gotorleku diren zenbait eremutan.

Pandemiak guztiz baldintzatuta egin dituzte hauteskundeak, izurria Portugal gogorren jotzen ari den garaian. Lehen olatuan,kasu gutxien izan zituen Europako herrialdeetako bat izan zen, nahiz eta azken asteetan egoera nabarmen okertu den herrialdean, COVID-19ak hildakoak egunean 200 baino gehiago izateraino; 275 izan ziren igandean.

Legealdi berria, solteago

Pandemiaren aurretik ere Rebelo de Sousak presentzia handia zuen herrialdeko iritzi publikoan, eta protagonismo hori areagotu egin du pandemiarekin. Badu motiborik orain arte izan dena baino are presenteago egoteko, datorrena azken legealdia izango duenez, eskuak orain arte baino solteago izango baititu, eta hainbesteko beharrik ez baitu izango babes politikoa lortzeko.

Ikusteko dago horrek eraginik izango duen Antonio Costa lehen ministroarekin duen harreman adeitsuan. Rebelo de Sousa gobernuarekin kooperazioan aritu du azken bost urteetan, eta Costa lehen ministroaren babesa izan du hauteskundeetan, ideologikoki desberdintasun agerikoak dituzten arren. «Kooperazio instituzional emankor» horrekin jarraitzeko eskatu zion Costak herenegun.

Izan ere, Rebelo de Sousaren babesak egonkortasuna eman dio gobernuari, eta hori garrantzitsua da Costarentzat, pandemiak gogor jotako herrialdea berraktibatzeko ahaleginean. Rebelo de Sousarentzat, berriz, orain arte behar izan duena, babes politikoa, ez da erabakigarria izango aurrerantzean, eta, testuinguru horretan, baliteke erreparo gutxiago izatea gobernuarekin dituen desadostasun ideologikoak azaleratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.