Moskuk anexionatuko dituen lurrak berreskuratzeko asmoa du Kievek

Putin gaur da sinatzekoa Donetsk, Luhansk, Kherson eta Zaporizhia Ukrainako eskualdeak Errusia bihurtzeko hitzarmenak. Zelenskik adierazi du erantzuna «gogorra» izango dela

Moskuko Plaza Gorria, atzo, anexioa gauzatzeko gaur egingo duten ekitaldia prestatzen. SERGEI ILNITSKY / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Vladimir Putin Errusiako presidenteak gaur sinatuko ditu Moskuk Ukrainan partzialki okupatutako eremuak anexionatzeko hitzarmenak. Joan den ostiraletik asteartera egin zituzten lurralde horietan Errusiak hauspotutako galdeketak, eta herenegun anexioa formalki gauzatzeko eskatu zioten Putini Kherson, Zaporizhia, Donetsk eta Luhanskeko lider errusiazaleek. Horiek ere parte hartzekoak dira Kremlineko San Jurgi aretoan 15:00etan—14:00ak Euskal Herrian— egingo duten ekitaldian. Ukrainaren azaleraren %15 inguru anexionatuko du Errusiak.

Horiek horrela, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak atzo ohar batean ohartarazi zuen «gogor» erantzungo dutela. «Botoek ez dute inongo baliorik, eta ez dute errealitatea aldatzen. Ukrainaren lurralde batasuna berrezarriko dugu». Zelenskiren aholkulari Serhiy Nikiforovek jakinarazi zuen, bide batez, Segurtasun Nazionaleko eta Defentsako Kontseilura deitu dutela biharko.

Errusiak garrantzia eman nahi izan dio gaurko ekitaldiari, eta horregatik egingo dute Kremlineko areto arranditsuenetako batean. Moskuko Plaza Gorrian, gainera, kontzertuak egongo dira. Kartel batzuk jarri dituzte plazaren bueltan, eta hau idatzi dute: «Donetsk, Luhansk, Zaporizhia Kherson. Errusia!».

Ukrainak bere lurrak berreskuratzeko hasitako kontraeraso militarra indartu duenean deitu zuten galdeketetara. Donetskeko bozkatzaileen %99k Errusiarekin bat egitearen alde bozkatu zuten; Luhansken, %98k; Zaporizhian, %93k; eta Khersonen, %87k.

Mendebaldeak, ordea, ez die zilegitasunik ematen galdeketa horiei, iritzita nazioarteko zuzenbidea urratzen dutela. Kieventzat, Moskuren «propaganda» ekintza bat izan dira, «fartsa bat». Gainera, Errusiaren aliatu batzuek ere jakinarazi dute ez dituztela aitortuko anexioak —kasurako, Kazakhstanek eta Serbiak—, eta Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak ere kritikatu ditu.

Errusiako Parlamentuko bi ganberak datorren astean dira anexioak gauzatzekoak. Lehendabizi, behe ganberaren txanda izango da, eta, ondoren, Senatuarena.

«Ekintza terrorista bat»

Nord Stream 1 eta 2 gasbideetan asteon izandako isuriak nazioarteko talde batek iker ditzala eskatu du gaur Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak. Nabarmendu du, gainera, gasbideen haustura «ekintza terrorista bat» bat izan dela.

Bestalde, Hungariako Gobernuak jakinarazi du ez duela babestuko Europako Batzordeak Errusiari jarri nahi dion zigor sorta berria. Joan den otsailean inbasioa hasi zenetik Bruselak Moskuri jarritako zortzigarren zigor sorta da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.