urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Breaking Basque

2020ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Gaur Gernika. Atzo Italia librearen Bella Ciao. Partisanoak munstroaren aurka armak eskuetan. Atzo ere, Portugal. Krabelinak fusiletan. Armak isildu eta herria kalera tiranoaren aurka. Grandola Vila Morena.Krabelinen iraultza, Portulgadik Angolaraino. O choro de Africa é um síntoma diosku Agostinho Netok, Afrikaren negarra sintoma bat da: mendetako negarra/ esklabotzan asmatua/ drama beltzen histerietan arima zuriei jazarri/ eta Afrikako haur izpirituak/ gezurrak egiazko negarrak haien ahoetan». Gaur Gernika, atzo Italia, Portugal, gu bien erdian. Erdi-erdian, Baigorri, Nafarroaren topaleku.

Gaurko inperioak Artikoaren borrokan kateatuta, Groenlandiari 11 milioi euro eman dizkio Etxe Zuriak. Kopenhage haserre. Inuitek argi esan diote eskandinaviarrari: ez gaituzte erosiko, baina geuk egingo ditugu geure harremanak, Danimarkatik igaro gabe.

Ez da erraza mundurako harremanak metropolitik pasatu gabe izatea. Groenlandiako Gobernuak argi jarri zuen mahai gainean groenlandierazko hezkuntzarekin batera ingelesak bihurtu behar zuela hurrengoa, danieraren lekua hartuta. Ingelesa ez da Washingtongo hizkuntza soilik. Japoniarrak korearrarekin egiten duen hizkuntza ere bada, alemanak suediarrarekin. Espainiar gazteak ere ingelesez amaituko du Lisboan edo Milanen. Ingeles kaskarrez, munduan hedatuen den broken English-ez. Dagoeneko gehiago dira broken English-ez egiten dutenak, ama-hizkuntza duten anglosaxoiak baino, eta ingeles estandarrean ere eragiten du. Ederra da broken Basque-rekin ibilbidearekin antzekotasuna.

Euskaraldiak ere mezua ekarri digu: jalgi hadi etxera. Baina konfinamenduan lagungarri ditudan gauzarik gehienak ez ditut euskaraz. Etxealdia ala euskaraldia? Mediku ona ala euskalduna? Lars Zonbiaren ondoren, eta zelan ikusi Eskandinaviako gainontzeko altxorrak? Bron/Broen telesailak Danimarka eta Suedia lotzen dituen zubiaren bi aldeetara eginda dago, suedieraz eta danieraz. Baigorrin frantsesez eta Elizondon espainolez ikusiko ditugu? Behin eta berriz galdetu izan diet diru publikoz egiten dituzten gure Zinemaldi, Zinebi, Giza Eskubideen jaialdi eta enparauei: Edonor joan daiteke ala espainolez jakin behar da? Baigorriko adiskidea eraman dezaket ala Malagakoa baino ez? Iraitz Lazkano Uemako buruak esan du egunotan: «Euskaraz aritzen garela uste dugu, baina benetan zer hizkuntzatan ikusten dugu telebista? Zer hizkuntzatan irakurtzen ditugu egunkariak eta aldizkariak? Zer hizkuntzatan ikusten ditugu filmak?». Gure herrietako zinema-aretoei eta kultura-arduradunentzat ere erronka: pandemia amaitzean, joan ahalko garaBaigorriko adiskidearekin Azpeitiko edo Lekeitioko zinemara? .

Hizkuntza ohiturak aldatzeko erronkan, kontuz ibili beharko litzateke arduraren zama ez dadin betikoarenean egon: kostata euskaldundu denak eta saiatuta ere erabat lortu ez duen haren bikotekideak errudun sentitu behar dute espainolean babes hartzen dutenero? Etxetik jaso eta kontzientzia handiagoz zein txikiagoz euskaraz bizi garela uste dugunok ez dugu ariketarik egiteko?

Lutxo Egiak Bilbon duela bost urteko egindako hilabeteko euskaraldiari erreparatzen badiogu, elementu garrantzitsu bat aurkituko dugu: ez zen euskara hutsez bizitzeko apustua izan soilik —«X hutsez bizi» oso itsusi geratzen da euskararen ordez ingelesa, alemana edo finlandiera jartzen baduzu, eskuin muturrak herrialdeetako gutxiengoen aurka egindako leloa litzateke—; ekuaziotik espainiera kentzea zuen abiapuntu, espainiera «desikastea», ia beti euskaraz eginez baina noizean behin beste erdararen bat —ingelesa— erabiliz zubi-hizkuntza gisa. Hau da, Europako edozein herrialde txiki normalizatutan egin den legez.

Euskararen ertzean bizi direnei edo euskalduntzeko ahalegina egin dutenei ariketa gehiago jartzeak zalantzak sortzen dizkit. Edozer eginda ere, beti gutxiegi den inpresioa ez ote duten, ia kosta gabe euskaldundu eta «bide zuzenean» ei dabilenaren aldean: arazorik gabe darabilte euskara, zer gogoeta egin behar dute, beraz? Ahalduntzeak eskemak apurtzea ere badakar. Euskaldunak makuluari uko egitea, ustez ez darabilen baina plazeborik gabe bizi izateko egun batez gutxienez: bizitza errazten dizun «zure» erdarari uko eginez gero —Baztanen espainolari, Baigorrin frantsesari—, zer-nolako abstinentzia sindromea daukazu? Zer geratzen zaizu apalategiko liburuetan, irratian, ordenagailuan, telebistan? Asko dago bai, baina zuk gura zenuen Netflixeko telesail hori, lagunek Whatsappez bidalitako artikulu hori, telesaio hori justu ez. Eta zuk etxealdia justu ahalduntzeko baliatu, zure erdara «desikasteko», jabetzeko zeinen dopatuta dagoen zure normaltasuna; ezina ez datorrela administraziotik soilik. «Zure» erdaren dopin gabe bizitzea konfinamendua baino are itogarriagoa dela ohartzea, euskaran babes hartzea zure etxeko lau hormen artean baino zailagoa dela. Asko dagoela egiteko gure nahiak guztiz ase ditzan, ohean izaratik tiratzean oinak bistan ez uzteko —edo ipurdia—. Gaur Baigorrin elkartzeko, eta bihar Baigorriko lagunekin Donostiako Zinemaldira joateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.