Yemenen gerra krimenak egitea egotzi diete Riadeko eta Abu Dhabiko eliteei

Giza eskubideen aldeko talde batek salatu du, Londresen, Saudi Arabiak eta Arabiar Emirerri Batuek lotura dutela gizateriaren aurkako krimenekin

Yahya Arhab / EFE.
Igor Susaeta.
2021eko urriaren 21a
00:00
Entzun
Guernica 37 giza eskubideen aldeko nazioarteko taldeak espediente bat aurkeztu du Scotland Yarden eta Erresuma Batuko Fiskaltzan, salatzeko Saudi Arabiako eta Arabiar Emirerri Batuetako elite politikoek eta militarrek zerikusia dutela Yemenen gertatutako gerra krimenekin. Abokatuek ez dute jakinarazi zehazki nori egotzi dizkieten gizateriaren aurkako krimen horiek, baina 20 bat pertsonaren kontra aurkeztu dituzte karguak, eta ondorioztatu daiteke, beraz, horien artean daudela Saudi Arabiako printze oinordeko Mohammed bin Salman eta Mohammed bin Zayed Arabiar Emirerri Batuetako xekea.

Toby Caldman abokatuak eskatu dio Poliziari balizko presio politikoak albo batera uztekogaiari heltzeko orduan, eta modu justu batean baloratu dezala salaketa. «Krimenik lazgarrienez ari gara, eta uste dugu ezin dela egon immunitaterik». Aintzat hartu behar da Erresuma Batuko Gobernuaren gertuko aliatuak direla bi herrialde horiek. Arabiar Emirerri Batuak Manchester City futbol taldearen jabe dira, eta hilaren hasieran Newcastle futbol taldea erosi zuen Saudi Arabiako Estatuak kontrolatzen duen inbertsio funts batek, 355 milioi euro ingururen truke. Guernica 37k eskatu du printze oinordekoak eta xekea atxilotu ditzatela Erresuma Batuan sartzen badira.

2015az geroztik nagusiki bi alde daude gerran. Batetik, Saudi Arabiak eta Arabiar Emirerri Batuek gidatutako koalizio militarra, gobernua babesten; eta, bestetik, matxino huthiak, Iranen laguntza dutenak. Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak herenegun plazaratutako datuen arabera, Yemengo gerrak heriotza ekarri die edo erauzteak eragin 10.000 haur ingururi.

Mertzenario talde bat

Alemaniako bi militar ohi atxilotu dituzte herrialdearen hegoaldean, Yemengo gerran borrokatzeko asmoarekin mertzenario talde bat osatu nahi izatea leporatuta. Fiskaltzaren arabera, 150 bat pertsona errekrutatu nahi zituzten—batez ere, soldadu eta polizia ohiak—, armada pribatu bat eratu eta Saudi Arabiako Gobernuaren alde legez kanpoko misioak egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.