Italia iparraldeko bost eskualdetan larrialdia ezarri dute, lehortea dela eta

Azken 70 urteotako idorterik gogorrena jasaten ari dira Po ibaiaren ibarrean. Gobernuak aukera du etxeetan eta enpresetan ur kontsumoa mugatzeko

Traktore bat, herenegun, Milan inguruko lursail batean. ANDREA FASANI / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Azkeneko 70 urteotako lehorterik gogorrena pairatzen ari dira Italia iparraldean, Po ibaiak bustitzen dituen eskualdeetan, eta, horregatik, Erromak larrialdi egoera ezarri du horietako bostetan: Emilia-Romagnan, Friuli-Venezia-Julian, Lombardian, Piamonten eta Veneton. Mario Draghi lehen ministroa buru duen kabineteak herenegun iluntzean sinatu zuen dekretua, eta, horri esker, ez du tramite burokratikorik egin beharko berehalako neurriak hartzeko; esate baterako, etxeetan eta enpresetan ur kontsumoa mugatzea. Neurria abenduaren 31ra arte egongo da indarrean, eta gobernuak, gainera, 36,5 milioi euroko funts bat onartu du lehorteari aurre egin ahal izateko.

Po ibaiaren inguruan daude eskualde horiek, eta Italiako nekazaritza produkzioaren heren bat, gutxi gorabehera, horietan ekoizten dute. Herrialdearen ipar-mendebaldean jaiotzen da Po, Alpeetan; gutxi gorabehera, 650 kilometro luze da, eta Adriatikoan itsasoratzen da. Ibaiaren ibilgu asko lehortu egin dira, eta, laborariek nabarmendu dutenez, emaria hain eskasa izanik itsasoko ura bera barnerantz iragazten ari da, eta uztak hondatzen.

Coldiretti da Italiako nekazaritza sindikaturik handiena, eta ohartarazi du lehortearen ondorioz arriskuan daudela Poren ibarreko uzten erdiak. Italiako ur gordailu nagusia da Po, eta nekazariek arroz sailak, soro landuak eta artzaintza eremuak ureztatzeko baliatzen dute, besteak beste.

Oso lehorrak izan ziren aurreko negua eta udaberria Italian, eta udaren hasiera ohi baino beroagoa izan da. Horren ondorioz, Maggiore eta Garda lakuetako—ez daude Milandik oso urrun— ur maila ohi baino apalagoa da. Horren guztiaren ondorioz, Milanen itxi egin dituzte apaingarri gisa erabilitako iturriak, eta Veronan ur edangarria mugatzen ari dira.

Milango alkate Giuseppe Salak herritarrei eskatu die ahalik eta ur edangarri gutxien erabil dezatela nola etxean hala lorategi pribatuak ureztatzean. Lombardia eskualdeko —hango hiriburua da Milan— presidente Attilio Fontana larrialdi egoera Italian osoan ezartzearen aldekoa da.

Gutxienez zazpi pertsona hil ziren joan den igandean Dolomitetako (Italia) glaziar bat jausi zenean, eta Draghik adierazi zuen «zalantzarik gabe» klima larrialdiarekin lotuta zegoela gertatutakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.