Ehun milioi lagun baino gehiago gose dira mundu zabalean, bereziki Afrikan

Yemenen dago egun premiarik larriena, baina orotara 53 herrialdetan da larria egoera. Adituek «kausa sakonak» konpontzeko deia egin dute

Kristina Berasain Tristan.
2019ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Ehun milioi lagun baino gehiago gosez bizi dira mundu zabalean; zehazki, 53 herrialdetako 113 milioi, eta horietatik bi heren —72 milioi— zortzi herrialde hauetan: Yemen, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Afganistan, Etiopia, Sudan, Hego Sudan eta Nigeria. Afrika da, berriz ere, zerrenda latz horretan aurrenekoa. Kontinenteko hogei herrialdetan 23 milioi lagun daude muturreko gosetean, bereziki Etiopian(8,1 milioi), Malawin (3,3) eta Kenyan (2,6).

Datu horiek Elikagaien krisiari buruzko 2019ko mundu txostenak aletzen ditu. FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak, MEP Munduko Elikadura Programak eta Europako Batasunak atzo aurkeztu zuten txostena, eta ohartarazi zuten beste 143 milioi lagun daudela gosetearen atarian.

Gerrak eta gatazkak, klima aldaketa eta hondamendi naturalak eta krisi ekonomikoak daude gosearen jatorrian, eta, adituen esanetan, egoera onbideratzeko ezinbestekoa da gatazkak amaitzea eta saihestea, emakumeei boterea aitortzea eta ematea, umeen elikadura eta hezkuntza bermatzea, nekazari eremuetako baliabideak garatzea eta giza laguntzak sustatzea. David Beasley MEPeko zuzendari exekutiboak adierazi du goseari «bene-benetan» aurre egingo bazaio ezinbestekoa dela gosearen «kausa sakonak» konpontzea. Munduko agintariak ere interpelatu ditu, eta eskatu die larritasunaren pareko erantzuna emateko, «oraintxe».

Luca Russo izan da txostena egin duen adituetako bat, eta, haren hitzetan, agerian uzten du nazioarteko ebazpenak urratzen ari direla: «Gatazka guneetan elikagai biltegiak bonbardatu egiten dira, azokak itxi egiten dira, prezioak garestitu egiten dira, lurrak antzu geratzen dira; eta horrek desplazatuak eragiten ditu». Txostenak erreferentzia egiten die errefuxiatuei ere; izan ere, haien egunerokoa da kalteberena. Adituek Siriako eta Bangladeshko errefuxiatuen larritasunaz ere ohartarazi dute.

Erronka globala

Goseari aurre egitea erronka globala dela ondorioztatu dute adituek. Christos Stylianides Europako Batasuneko Giza Laguntzarako komisarioak elkarlanean aritzeko deia egin zuen. Gobernuz kanpoko erakundeetako ordezkariak, baina, agintariekin kritiko agertu dira oso, uste baitute erantzun eskasa eman dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.