Corbyn bigarren erreferendumaz aritu zaio Mayri bien arteko bileran

'Brexit'-a maiatzaren 22ra luzatzeko, EBk hilaren 12ra arteko epea eman du ituna onar dezaten

ander perez zala
2019ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Bileren eguna izan zen atzo brexit-aren prozesu amaigabean. Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa Jeremy Corbyn Alderdi Laboristaren buruzagiarekin batzartu zen egoera bideratzeko asmoz, eta hori amaitzean gobernuko zein Corbynen taldeko ordezkariek adierazi zuten bilkura «eraikitzailea» izan zela; hurrengo hitzorduei begira —gaur elkartuko dira—, gaineratu zuten «lan programa bat» adostu zutela. Edukiei, proposamenei eta eskariei buruz, ordea, ezer gutxi zehaztu zuten; Downing Streeteko 10.ak soilik adierazi zuen bi aldeek «malgutasuna» erakutsi zutela, eta laboristen buruzagiak bere diputatuei esan zien aduana batasuna, merkatu bakarra eta bigarren galdeketa aipatu zituela. «[Azken horren] Aurkako jarrera agertu du [Mayk]».

Bi protagonista horiez mintzatu zen Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroa, Mayrekin eta Corbynekin elkartu ostean; azaldu zuenez, ez dago «oso ziur» Erresuma Batuko lehen ministroa «konprometitzeko» prest ote dagoen, eta, laboristen buruzagiaren jarreraz, gehitu zuen ez dakiela arreta handirik jarriko ote duen bigarren galdeketan, brexit-erako akordioa onartzeko baldintza gisa jartzeraino. «Kezkatuta nago; Eskoziaren interesak kolokan daude». Aldi berean, Twitter sare sozialean honako hau idatzi zuen: «Bilera positiboa izan dut Jeremy Corbynekin. Harrituko ninduke [...] laboristek euren burua salduko balute hain akordio txar batengatik».

EB Europako Batasunetik ateratzeari buruzko bigarren erreferendumaren aldekoek Mayren eta Corbynen arteko bilerak baliatu nahi dituzte auzia Erresuma Batuko lehen ministroaren mahai gainean jartzeko; horregatik, alderdi barruan zein kanpoan Corbyni presio egiten hasi ziren atzo. Alderdi Laboristaren Atzerri Gaietarako idazkari Emily Thornberryk eta beste hainbat goi kargudunek diputatu laboristei eskutitz bat bidali zieten, ohartaraziz alderdiaren buruzagiak bigarren galdeketa jarri behar duela baldintzatzat: «Parlamentuak adosturiko edozein akordio boto publiko baten bidez baieztatu behar da, eta botopaperetako aukera batek Geratu izan behar du».

Horren aurretik, Liberal Demokratak alderdiaren, Eskoziako Alderdi Nazionalaren (SNP), Talde Independentearen, Galesko Plaid Cymru alderdiaren eta Alderdi Berdearen Westminsterreko buruzagiek agerraldi bateratua egin zuten, Erresuma Batuko lehen ministroari ohartarazteko Komunen Ganberan ordezkaritza duten indar guztiekin hitz egin behar duela; horrekin batera, bost alderdi horien ordezkariek bigarren galdeketaren aldeko deia berretsi zuten.

Horren ondoren, ganberan brexit-aren prozesuaren hamaikagarren ezustekoa gertatu zen. Diputatuek bitan eztabaidatu eta bozkatu dute alternatiben inguruan, baina ez dira ados jarri. Atzo hirugarren saialdia egin ala ez erabakitzeko bozketan, baiezkoak eta ezezkoak berdinduta geratu ziren: 310-310. Beraz, erabaki positibo bat hartzeko diputatuen gehiengoa behar dela argudiatuta, John Bercow ganberako presidenteak ezezko botoa eman zuen, eta, beraz, ezezkoa gailendu zen.

Junckerren baldintza

Eguerdi aldera, Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak Mayren herenegungo eskariari erantzun zion Europako Parlamentuan: brexit-aren bigarren atzerapen laburra nahi badu, hilaren 12ra arteko epea du akordioa Komunen Ganberan onartzeko.

Europar Kontseilua hilaren 10ean elkartuko da, eta han erabakiko du zer egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.