Aste barruan, lehia

Gernikak, Araskik eta IDK-k ligako norgehiagokak dituzte gaur. Etxean jokatuko dute hirurek, eta donostiarrak daude egoerarik zailenean

Gernikako Nicole Wotja eta IDK-ko Donegan Kraker, aurrez aurre, Euskal Kopako finalerdian. ESF.
ainara arratibel gascon
2019ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Saskibaloiko Espainiako Ohorezko Mailan lehiatzenari diren hiru euskal taldeek, Lointek Gernika Bizkaiak, RPK Araskik eta IDK Gipuzkoak, ligako norgehiagokak dituzte gaur. Hirugarren jardunaldian baino ez dago txapelketa, baina sailkapenean kokatzen hasteko aste garrantzitsua izan daiteke hau. Izan ere, aurreko asteburuan jokatu eta gero,gaur eta datorren igandean jardunaldia izango dute.

Liga gozakaitz hasi du IDK -k. Jokatutako bi partidak galdu ditu, ustez ahulagoak ziren bi aurkariren kontra: Quesos el Pastor eta Al Qazeres. Azu Muguruzak zuzentzen duen taldea aurretik egon zen bi neurketetan, baina, azken txanpan behera egin, eta ihes egin zien garaipenak donostiarrei. Esnatu beharra dauka, beraz. Horretarako, ordea, aurkari zailena izango du aurrean. Egungo txapelduna hartuko du Gaska kiroldegian: Girona.

Muguruzak egoeraren azterketa hau egin du: Ā«Atsedenaldiaren ostean, taldea blokeatu egiten da. Bizkorregi egiten ditugu jaurtiketak, eta ez dugu asmatzen. Horrek ziurtasunik eza sortzen digu. Baina ez dugu alarma piztu behar. Hobetzeko tarte handia dugu, eta, batuta egonda eta arretaz jokatuta, edozein partida irabaz dezakeguĀ». Gironak ahalmen handia erakutsi du defentsan lehen bi lehietan. 31 puntuan utzi zuen Quesos el Pastor.

Cadi La Seuren aurka azken unean galdu arren, itxura oso ona eta lehiakorra ematen ari da sasoi hasiera honetan Araski. Gaur bide horretatik jarraitzeko erronka du, Valentzia mendean hartzeko. Bi taldeek behin irabazi dute, eta beste behin galdu. Madelen Urietaren taldearen estreina izango da sasoi honetan Mendizorrotzan, eta zaleak gozarazi nahi ditu. Valentzia, ordea, goian egoteko hautagaietako bat da. Ahalmen fisiko handia du, eta kanpotiko jaurtitzaile petoak: Maria Pina eta Tamara Abalde, besteak beste.

Gernika lehen bi partidak irabazi dituen lau taldeetako bat da.Multzo sendo baten itxura eman du lehen bi neurketetan Mario Lopezen taldeak, baina aldi berean bakarkako jokaldietan nabarmendu diren jokalariak ere baditu. Lehen partidan, Julie Wojta izan zen taldeko onena, hemezortzi puntu lortuta; aurreko igandean, berriz, Blake Dietrick, hamahiru lortuta. Gaur talde igo berri baten aurka neurtuko ditu indarrak, Clarinos Teneriferen kontra, Malosten. Bi partidetatik bat irabazi dute bisitariek. Uste baino partida gaiztoagoa da bizkaitarrentzat. Izan ere, Ohorezko Maila ondo ezagutzen duten jokalariak ditu Clarinosek: IDK-ko jokalari ohi Lyndra Weaver eta Iva Brkic, adibidez. Aurreko jardunaldiko jokalari baliotsuena izan zen Weaver. Hamazazpi puntu sartu, eta beste hainbeste errebote jaso zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.