Ezustean sinesten du

Gernikak Perfumerias Avenidaren aurka jokatuko du gaur, Eurokopan. Espainiako taldeak sasoiko lehen lehia galdu du ligan asteburuan

Gernikako Nogaye Lo eta Perfumeriaseko Kristine Vitola lehian, lehen itzuliko norgehiagokan. GERNIKA.
ainara arratibel gascon
2019ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Ona izaten ari da Lointek Gernika Bizkaiaren ibilia Eurokopako ligaxkan. Jokatu dituen hiru partidetatik bi irabazi ditu Mario Lopezen taldeak: nagusitasun handiz, gainera. 77-41 gailendu zitzaion Uni Gyorri, eta 46-70 Olivaisi. Perfumerias Avenidaren aurka galdu du orain arteko partida bakarra, baina Espainiako taldea ere estu hartu zuen:62-59. Gaur haren aurka jokatukodu berriz (20:00, ETB4), eta Malosteko zaleen bultzadarekin, multzoko lehen partidan gertu izan zuen ezustea emateko erronka dauka.

Gaurko norgehiagokarekin multzoko bigarren itzuliari emango diote hasiera, eta, irabaziz gero, bizkaitarrek urrats garrantzitsua egingo dute sailkatzeko. Lehen postua lortzeko borrokan sartuko lirateke, gainera. Aurreneko leku horrek zuzenean final-hamaseirenetarako sailkatzea ahalbidetuko lieke. Bigarren izanez gero, berriz, kanporaketa bat jokatu beharko lukete. Hain zuzen ere, iaz kanporaketa horretan gelditu zen txapelketatik kanpo Gernika.

Mario Lopezek nabarmendu du gaurkoa ez dela neurketa «erraza» izango, Espainiako taldea delako multzoko talderik indartsuena. «Haien pabiloian bezala, ondo lehiatzea izango da gure helburua. Etxean jokatuta, gainera, edozer gauza gerta daiteke. Espero dugu zaleek egunik erabakigarrienetan bezala erantzutea. Haien laguntza ezinbestekoa izango da neurketako une zailetan».

Julie Wojta, Belen Arrojo eta Nikolina Milic izaten ari dira taldearen bizkarrezurra, baina jokalari guztiak ikusten ditu sasoi onean: «Konfiantza handiz jokatzen ari gara, eta gero eta jokalari gehiago sartzen ari dira txandakatzeetan. Hori oso seinale ona da, eta hala jarraitu nahi dugu hurrengo partidetan ere».

Joanekoan, une erabakigarrietan izaera lehiakorrari eutsi zion taldeak, eta defentsan hortzak estutu zituen. Horri esker lortu zuen azken jokaldira arte partida irabazteko aukera izatea, eta halasegitu nahi dute: «Irabazteko aukera izateko gure onena eman beharko dugu, eta denboraldi osoan erakutsitako itxura serioari eutsi. Haiek, berriz, ez dute egunik onena izan behar».

Izan ere, defentsan talde indartsua da Perfumerias. 49 puntu baino ez ditu jaso batez beste Eurokopan jokatutako hiru partidetan; erasoan, berriz, 83,7 puntu sartu ditu batez beste. Jokalari erabakigarriak ditu arlo horretan: Karlie Samuelson Tiffany Hayes, Evelyn Akhator... Gainera, eskuan min hartuta egon eta gero, Jewell Loyd osatu da.

Dena den, une aproposa izan daiteke bizkaitarrek ustekabea emateko, Perfumerias Avenidak kolpea jaso baitzuen asteburuan ligan, etxean Gironaren aurka galdu baitzuen (55-68). Sasoiko lehen porrota izan zen Miguel Angel Ortegok zuzentzen duen taldearentzat, eta hala Girona da partida guztiak irabazi dituen talde bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.